Potasa Meatzeen Aurkako Plataforma Bateratuak jakinarazi du gorako helegitea aurkeztuko duela Espainiako Gobernuak Geoalcali enpresari Muga meatze proiektua ustiatzeko emandako baimenaren aurka. Zangozatik (Nafarroa) gertu eraiki nahi duten proiektu horrek lur azpitik potasa minerala ateratzeko helburua du, Esako urtegitik kilometro gutxira, eta hainbat aditu eta elkarte ekologistak aurretik ohartarazi izan dute arriskutsua dela.
Bal d'Onsella (Aragoi, Espainia) eta Erreniegako mendilerroko meatze proiektuen aurka sorturiko plataformak adierazi du "bide guztiak" probatuko dituela Zangozan eta Undoze Lerdan (Aragoi, Espainia) kokatuko den Muga meatzearen proiektua eteteko, «ekonomikoki eta ekologikoki bideraezina» dela uste duelako. Hala, Espainiako Gobernuaren kontzesioaren aurka jo du, argudiatuz alegazioen eta administrazioen errekerimenduen bitartez Geoalcaliri eskatutako moldaketa gehienek ez dutela parte hartze publikorik izan.
Plataformak azaldu duenez, enpresak oraindik ez ditu argit -beharreko zenbait azalpen eman, hala nola backfilling izeneko betetze prozesuarena: «Enpresak Alemaniako K-Utec ingeniaritza enpresaren txosten bat aurkeztu du, eduki ezezagunekoa, galeriak hondakinekin beteko dituztelako berme bakar modura. Bada, prozesu hori hezea zen, baina orain lehorra da, ingurumen inpaktuari buruzko ebaluazio positiboa jaso ostean, inolako ingurumen ebaluaziorik izan gabe». Alde horretatik, ustez hondakinik gabekoa den meatzearekin batera 4,5 milioi tona hondakin jasotzeko edukiera izango duen 37 hektareako behin-behineko biltegi bat sortuko dutela nabarmendu du plataformak.
Bestalde, salatu dute proiektuak ez duela nahikoa informaziorik eman sorraraz ditzakeen arazoen inguruan: «Ustiapenaren ondorioz sorturiko arazoak saihesteko Geoalkalik hartuko dituen neurriak ezin izan dira inoiz publikoki eskuratu». Hain zuzen, zulatzeen ondorioz «hondoratzeak, sismikotasuna eta ingurumenean, ibaietan eta akuiferoetan ondorioak izango dituzten eraginak» sor daitezkeela nabarmendu du plataformak.
Halaber, meatzetik egunero joan-etorriak egingo dituzten kamioiek inguruko errepideetako trafikoan izango duten eragina azpimarratu dute plataformako kideek, eta proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa ere zalantzan jarri dute: «Kontuak ez dira ateratzen; edo lanpostuak gutxituko dituzte —enpresak 800 lanposturen sorrera iragarri du—, edo ingurumena zaintzeko gutxieneko estandarrak murriztuko dituzte».
Horiek horrela, Potasa Meatzeen Aurkako Plataforma Bateratuak adierazi du Muga proiektuaren aurkako borrokan jarraituko duela, eta beraiekin kolaboratzeko deia egin die «kalteturiko herritarrei eta antzeko proiektuen aurkako elkarteei» .