Otsailetik hona “nabarmen” egin du hobera Esako urtegiaren egoerak. Hala adierazi du Javier Morras Nafarroako Presidentetza kontseilariak. “Hegalean ia ez dago mugimendurik, oso eskasak dira”, defendatu du. Nabarmendu du horregatik hasi direla hegalaren inguruko azterketak hamabost egunero egiten. “Arriskurik ez dagoela kontuan hartuta, erabaki dugu hala jokatzea”. Azken hilabeteetan “gardentasun osoz” jardun dutela esan du, eta Ebroko Ur Konfederazioak bidalitako txosten guztiak udalen eta Nafarroako Parlamentuko taldeen esku utzi dituztela.
Gainera, iritzi dio garrantzitsuena dela herritarren segurtasuna eta lasaitasuna bermatzea, eta istripuren bat gertatuz gero nola jokatu beharko luketen jakitea. “Horregatik egiten dira inguruak husteko simulakroak. Batzuek, ordea, egoeraz aprobetxatzen dira, herritarren artean beldurra sortzeko”.
UPNk eta PPNk izan ezik, gainerako alderdiek Nafarroako Gobernuaren kudeaketa salatu dute. Txostenetan agertzen diren hainbat datu “esanguratsu” ezkutatzea egotzi diote, eta defendatu dute beharrezkoa litzatekeela teknikari independente batzuek txostenak egitea, egoera “benetan” zein den jakiteko. Beharrezkoa ikusten dute, gainera, Ebroko Ur Konfederazioko presidenteak parlamentuan agerraldia egitea. Horrekin batera, arriskua badagoela uste dute, eta horregatik neurriak hartzeko eskatu dute.