ESANAK

2018ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
«Adostasun sozial berri bat eratu behar dugu, eta horren alde borrokatu»

Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohia

«Bidegurutze handi baten aurrean gaude, duela 40 urte gertatu zen bezala. Garaia da euskal gizartean erreferentzia soziala duen jendea batzeko, eta ortzimuga eta pentsamendu kolektiboa lortzeko. Harmailetatik zelaira salto egiteko momentua da. Adostasun sozial berri bat eratu behar dugu, eta horren alde borrokatu».

«Giza eskubideak babesteko beharra ikusten dudalako batu naiz»

Xabier Ezeizabarrena EAJko batzarkidea

«Giza eskubideak eta ekintza politikoak babesteko beharra ikusten dudalako batu naiz manifestura. Oso momentu larrian gaude, bai estatuan, eta bai Europan; korronte indartsuak daude; batez ere, eskuinekoak. Gizartearen kontra egiteko botere politikoa erabiltzen dute, eta horri aurre egiteko garai egokia dela uste dut».

«Bada sasoia alarma gorria pizteko,eta herritarrak aktibatzen hasteko»

Estitxu Garai EHUko irakaslea

«Larrialdi demokratikoa dagoela uste dut. Bermatu gabe daude gure eskubideak; emakume, pertsona eta herri moduan eduki beharko genituzkeenak. Bada sasoia alarma gorria pizteko, eta herritarrak aktibatzen hasteko. Badirudi Espainiako Estatutik oldarraldi bat datorrela, eta Euskal Herrian antolatuta egon behar dugu».

«Manifestuko oinarriak erabat daude demokraziari lotuta»

Iñigo Urrutia EHUko irakaslea

«Esango nuke manifestuan agertzen diren oinarriak erabat daudela demokraziari lotuta, eta printzipio horiek estatus aldaketaren oinarri izan behar direla uste dut. Urte luzez egon liteke indarrean estatutua, eta benetan garrantzitsua da horrelako eskakizunak eta printzipioak azpimarratzea. Gizartetik babesa azaldu behar diogu».

«Ezin gara beldurtu; beharrezkoa da herritarren aktibazioa»

Jone Amonarriz GEDeko komunikazio burua

«Gure Esku Dago-n uste dugu erreferenduma dela edozein arazo politikoren irtenbidea, hau da, erabakitzeko eskubidea. Horregatik sinatu dugu manifestua. Gure ustez, orain da mobilizatzeko momentua. Neoliberalak eta ultraeskuina nagusitzen ari dira, eta ezin gara beldurtu; beharrezkoa da herritarren aktibazioa».

«Bidea errazago topatuko dugu partekatzen badugu»

Alaia Martin  Bertsolaria

«Iruditzen zait batzuetan badaukagula noraez bat; non gauden eta nora joan nahi dugun jakin bai, baina nondik joan ideiarik ez dugula. Bidea errazago topatuko dugu elkartu eta partekatzen badugu. Esango nuke momentu garrantzitsua dela gogorarazteko funtsezko alorretan jende asko gaudela ados».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.