GIZARTEA

'Escrache'-etan Ertzaintzak ezarritako mugak babestu ditu EAEko Auzitegi Nagusiak

Hipotekak Kaltetutako Plataformak eta Stop Kaleratzeak elkarteak aurkeztutako helegiteak baztertu ditu epaitegiak.

2013ko apirilaren 16a
13:40
Entzun

Escrache izeneko protestetan Ertzaintzak ezarritako mugak onartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, muga horien aurka Hipotekak Kaltetutako Plataformak eta Stop Kaleratzeak elkarteak aurkeztutako helegiteak baztertuta.

Apirilaren 8an, Ertzaintzak galarazi egin zuen protestan ari zirenak PPko ordezkarien etxebizitzetara gerturatzea. Auzitegi Nagusiak ebatzi du politikarien "intimitaterako eskubidea" nagusitu behar dela, eta erabaki du ez dela neurrigabea protesta egiten dutenen eta politikarien etxebizitzen artean 300 metroko tartea uztea.

Hipotekak Kaltetutako Plataformak eta Stop Kaleratzeak elkarteak argudiatu zuten biltzeko eta manifestazio eskubidea zutela PPko Gipuzkoako batzarkide Jose Ignacio Azpirozen bulegoaren eta alderdi horretako Leopoldo Barredaren etxebizitzetan protesta egiteko.

Auzitegiaren arabera, talka egiten dute "konstituzionalki garrantzitsuak diren eskubide eta interesak". Elkarretaratzeek, ordea, "norberaren eta familiaren intimitaterako eskubidearen urraketa neurrigabea" eragiten dute, epailearen ustez.

Hogei eguneko epea dute elkarteek Auzitegi Konstituzionalaren aurrean helegitea aurkezteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.