Haritz Escudero eta Haizea Ziluaga abokatua libre uzteko eskatu du Pedro Martinez Torrijos Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak bakoitzari 18.000 euroko bermea ordainarazita. Atxilotutako gainontzeko sei lagunentzat, berriz, kartzelan sartzeko eskaera egin du. Espainiako Barne Ministerioak dioenez, bi abokatuek SEGI gazte erakundea aholkatzen zuten. Ikerketak saihesteko zer egin behar zuten azaltzen omen zien, besteak beste. H-Alboka estrukturarekin ere lotzen omen dituzte. Arantza Zulueta, Iker Sarriegi eta Jon Enparantza abokatuak ere arrazoi hori erabilita atxilotu zituzten. ETAren eta euskal presoen arteko bitartekaritza lanak egitea ere egozten diete, beraz.
Gainontzeko sei atxilotuei, Saioa Zubiaur, Ainhoa Villaberde, Garazi Autor, Izaskun Goñi, Eneko Villegas eta Oihana Lopezi, berriz, SEGIko buruzagitzakoak izatea leporatzen diete, eta horregatik, kartzelan sartzeko eskaera egin du fiskalak.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, inkomunikaturik deklaratu dute, eta euren konfiantzako abokatu batekin egiteko eskubidea ukatu diete. Ofiziozko abokatuarekin aritu dira, beraz. AAMk salatu du neurri horrekin "muturrera" eraman dutela inkomunikazio aldia, eta atxilotuen babesgabetasuna areago dutela salatu du, euren inguruko kezka handitzeaz gain. Atxiloketaz geroztik egon dira inkomunikatuta zortziak, eta larunbatean habeas corpus-a ukatu zien Grande-Marlaskak.
OPERAZIOA
Escudero eta Ziluaga 18.000 euroko bermea ordainduta libre uzteko eta gainontzekoak kartzelan sartzeko eskatu du fiskalak
Abokatuei SEGIri aholkuak ematea eta H-Alboka estrukturan parte hartzea egozten zaie. Gainontzekoei SEGIko zuzendaritzakoak izatea leporatu diete. Inkomunikaturik deklaratu dutela salatu du AAMk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu