ESK sindikatuak salatu duenez, Osakidetzak behin-behineko langile batzuei jakinarazi die aurrerantzean ezin izango dutela lanean jarraitu, Europako nazionalitatea ez dutelako. Sindikatuak ohar batean jakinarazi duenez, Osakidetzako ESI erakunde sanitario integratu ezberdinetan ari da hori gertatzen, eta erabakia ustez Osakidetzak bidalitako instrukzio batean oinarrituta hartzen ari da.
Sindikatuak azpimarratu du langile horietako askok bi urte baino gehiago daramatzatela Osakidetzan lanean, eta haiek izan direla, gainera, COVID-19aren izurriaren aurka lehen lerroan aritu direnak. «Osakidetzak bat-batean kanporatu egin ditu, inolako begirunerik gabe». ESKrentzat «ulergaitza» da Osakidetzak langile horiek alde batera uztea, kontuan hartuta langile kopuru aldetik «egiturazko gabeziak» dituela eta behargin faltan dela.
Osakidetzari «hipokrita eta xenofoboa» izatea aurpegiratu dio ESK sindikatuak. «Interesa duenean ez du zalantza izpirik edozein legezkotasun alde batera uzteko langileak, batez ere langile migratzaileak, esplotatu eta prekarizatzeko. Ondoren, inongo lotsarik gabe, pertsonak kaleratzen ditu bizimodu duinik gabe utziz eta herrialde honetako herritarrek merezi duten arreta prekarizatutz». Sindikatuak Osakidetzari eskatu dio beharrezko mekanismoak jar ditzala egoera hori konpontzeko, pertsona horiek lan poltsan sartzeko eta herritarrei «kalitatezko osasun arreta» emateko.
OSAKIDETZA
ESK-k salatu du Osakidetza langile migranteak kaleratzen ari dela
Europako nazionalitatea ez dutela argudiatuta, Osakidetzak behin-behineko langile batzuei jakinarazi die aurrerantzean ezingo dutela lanean jarraitu, sindikatuaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu