Unibertsitatea

Eskaerak izan dira nagusi EHUren ikasturte hasierako ekitaldian

Gaur egin da EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikasturte berria hasteko ekitaldi ofiziala Leioako kanpusean, eta unibertsitateko zein Eusko Jaurlaritzako agintariek beren eskaerak plazaratzeko baliatu dute. Hain zuzen ere, Manuel Montero EHUko errektoreak "finantziazio egonkorra" eskatu dio Jaurlaritzari. Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak, ostera, hezkuntza arloko "benetako eskumenak" galdegin dizkio Madrili.

2003ko urriaren 2a
17:37
Entzun
Bere jardunerako diru laguntza nahikorik ez daukala eta finantziazio sistema «egonkorra» sortzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari EHUko errektore Manuel Monterok. EHUren ikasturtea hasteko ekitaldian egin ditu adierazpenok Monterok, ondoan Juan Jose Ibarretxe lehendakaria eta Anjeles Iztueta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua zituela. Horrez gain, EAEko Unibertsitate Legea izateko aurkeztu den testuan «arazo larriak» daudela agertu du EHUko errektoreak.

Monterok azpimarratu duenez, ekonomia da EHUk duen «hutsune handienetako bat». Hori dela-eta, finantziazio sistema «egonkorra» indarrean ipintzea «ezinbestekoa» dela esan du, "EHU urteroko edo hilabeteko negoziazioen pentzuan ez egoteko». Eusko Jaurlaritzako aurrekontuen luzapenak eta baita unibertsitatearekiko «arreta faltak» alde bien arteko "tentsioak» eragin dituela gogoratu du, eta gaur hasi den ikasturterako jasotako diruak ohiko finantziazioa betetzeko beste ez dela jarri du adibide moduan. Era berean, 1999 urtetik EHUri emaniko diru laguntza «estutuz» joan dela aipatu du.

Ibarretxe eskumen eske

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, berriz, EAE Euskal Autonomi Erkidegoak hezkuntza alorrean dituen eskumen gabezien inguruan ardaztu du bere hitzaldia. Ibarretxeren arabera, besterik ematen badu ere, Jaurlaritzak ez du hezkuntza sistema behar bezala kudeatzeko eskumenik: "adiministrazio zentralak marraztutako irakaskuntza sistema kudeatzeko gaitasuna baino ez du", azaldu du. Hain justu, irakaskuntza plangintzak eta kurrikulumak zedarritzea Madrilen esku dagoela oroitarazi du Ibarretxek, eta "benetako eskumenak" eskatu ditu.

Era berean, Espainiako zenbait erakunde eta hedabidetatik EHUren kontra egin diren salaketak arbuiatu ditu Jaurlaritzako lehendakariak. "Zenbait hedabiderentzat eta erakunde politikorentzat batailako jomugetako bat da EAEko unibertsitate publikoa; EHU ETAren tresna bat dela esatera heldu dira. Aski da", adierazi du lehendakariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.