"Legeak agindutako urratsa da, baina, legeak dioenaz harago, justiziazkoa ere bada 1936ko gerrako eta frankismoaren biktimei merezi duten aitorpena egitea", erran du Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilari Javier Morrasek. "Duintasun kontu bat da; erreparazioa merezi dute", erantsi du. Morrasek onartu du, gainera, orain arte, 1936ko biktimen auzian "normalizazioa lortzeko oztopoak" izan direla. "Orain ixten ari dira orain arte erabat itxi gabe zeuden Nafarroako historiaren hainbat atal".
Nafarroa osoan aurkitu eta eskatu gabeko gorpuzkiak lurperatu ahal izanen dituzte Iruñeko hilerrian, hitzarmenaren arabera. Zenbat izanen diren ez du zehaztu Morrasek. Udalak 60 gorpu hartzeko tokia duen panteoia prest du hilerrian. "Gure ardura izanen da panteoi hori zaintzea", azaldu du Iruñeko alkate Enrique Maiak. Gorpuzkinak hobi komunetatik hilerrira eramateko lanaren ardura, berriz, gobernuarena izanen da. Oraindik ez dute data zehaztu lurperatzeak egiteko. "Biktimek merezi duten aitortza jasoko dute; erakunde guztietako ordezkariek parte hartuko dute", iragarri du Maiak.
Fusilatuen senideen elkarteek egindako lana onartu dute Maiak eta Morrasek. Hori egitea, eta Felix Huarteri Nafarroako Urrezko Domina ematea ez direla kontrajarriak uste du gobernuko kontseilariak. Memoria historikoaren esparruan lan egiten duten hainbat taldek ohartarazi izan dute Huarteren enpresa baliatu zela, bertze hainbat bezala, lanera behartutako presoen lan eskuaz. Enpresa horrek izan zuen, gainera, Erorien Haraneko gurutze erraldoia egiteko ardura. "Gauza batek ez du bertzearekin zer ikustekorik", erran du Morrasek. Erantsi du dominak Nafarroa industrializatzeko egindako lana onartu eta eskertu nahi duela. Huarteri ez ezik, Miguel Javier Urmenetari ere emanen diote domina. Ezkerrak erabaki horretan atzera egiteko eskatu dio gobernuari, eta fusilatuentzat eskatu du domina.