Hiru burguk osatzen zuten Iruñea hiria Erdi Aroan: Nabarreria, San Zerningo Burgua eta San Nikolasko Hiria. Bakoitzak bere jatorria, nortasuna eta araudi propioa zituen. San Nikolasko Hiria, gainera, harresi batek bildu eta babesten zuen. Hori diote garai hartako hainbat dokumentuk, baina orain arte ezin izan da harresiaren existentzia frogatzen zuen ezer aurkitu.
San Nikolasko burguak eliza bat ere bazeukan, oraindik zutik dagoena, eta haren aurretik igarotzen da Sarasate pasealekua. Hori eraberritzeko asmoa zeukan udalak, baina, hala ere, lehenengo azterketa arkeologiko bat egitea zen asmoa, ingurune horretan aukera ugari baitzegoen baliozko arrastoak aurkitzeko. Hala, susmoak egia bihurtu dira. Bi zundaketa egin dituzte San Nikolas elizaren aurrean, bata zintarrian, eta bestea galtzadan, eta hara hor zer aurkitu duten: harresiaren zati bat, eta nahiko egoera onean dagoen giza eskeleto bat.
Horrela, orain arte dokumentuetan baino existitzen ez zen harresia azaleratu egin da. XII. mendean sortu zen San Nikolas burgua, eta mende bat geroago eraiki zuten harresia. Historialarien arabera, hainbat dorre eta atari zituen murruak. Dorre horietako bat eta hari dagokion atea San Nikolas parrokiaren aurrean egon dira beti. Hala ere, XVI. mendearen amaieran desagertu egin zen ate hura, gotorlekua eta harresiz inguratutako esparru berria eraikitzearekin batera.
Orain aurkitutako tartea parrokiako atearen parean egin diren bi zundaketa horietako batean aurkitu da, hain zuzen, galtzadan dagoen zatian. 2,5 metroko sakoneran dauden harlanduzko hiru ilara dira. Tenpluaren ataritik bertara dagoen distantziak harritu ditu gehien adituak. Izan ere, orain arte pentsatu izan da harresia pasealekuan zenbaki bikoitia zeukaten etxeen atarietatik oso hurbil zegoela.
Harresia zegoen lekutik hurbil aurkitu dute eskeletoa ere, baina lurrazaletik gertuago. Adituen susmoen arabera, gorpuak zerikusia izan dezake San Nikolaseko plazan duela urte batzuk aurkitu zuten nekropoliarekin. Azken hau 2002-2003 urte artean aurkitu zuten, plazan lurpeko zakarrontziak egiteko obretan zebiltzala. 45 eskeleto aurkitu ziren osorik aurkikuntza hartan, eta beste hogei eskeletoren zatiak ere bai. Historialariek baieztatu zuten San Nikolasko elizako hilerriarekin zerikusia zeukatela.