Esklerosi anizkoitza (EA) gaixotasun neurologiko bat da, eta mielina desagertzen joatea eta nerbio sistema zentraleko lesio neurodegeneratiboak eta kronikoak agertzea eragiten du. Gaur egun ez da jakina zerk sortzen duen, nahiz eta jakina den hainbat mekanismo autoimmunitario daudela inplikatuta.
Ikertzaileek jadanik badakite aldaera genetikoek aldaketak eragiten dituztela DNAren osagaiaren kodean eta, horren eragin biologikoak ulertu ahal izateko, dagokion genearen espresioaren eraginak aztertu behar direla, hau da, RNA mezulariko eta proteinetako aldaketak.
Neurogenomiks ikertzaile taldea Achucarro Basque Centre for Neuroscience zentroari eta Euskal Herriko Unibertsitateari lotuta dago, eta oraintsu argitaratu du ikerketa artikulu bat Journal Immunology aldizkari zientifikoan. Artikulu horren arabera, lortu dute egiaztatzea ANKRD55 izeneko geneak RNA mezulariaren hiru transkribatu ezberdin sortzen dituela, eta EArekin lotzen den aldaera genetikoak biziki areagotzen duela transkribatu horien ekoizpena.