'Busti zaitez' ekitaldia

Esklerosiaren aurka, uretara

Esklerosi anizkoitzari aurre egiteko asmoz, 'Busti zaitez' lelopean ekitaldiak egin dituzte hondartzetan. Herritarrak sentsibilizatu eta gaixoen errehabilitaziorako dirua lortu nahi dute.

Getxoko Ereaga hondartzan 2010. urtean egin zuten ekitaldiko irudi bat. MONIKA DEL VALLE, ARGAZKI PRESS
2015eko uztailaren 12a
09:39
Entzun

Esklerosi anizkoitzari aurre egiteko asmoz, ekitaldiak egin dituzte hainbat hondartza eta igerilekutan, Busti zaitez lelopean —Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 71 tokitan—. Hemezortzigarren aldia izango da aurtengoa, hemezortzi urte gaixotasunaz ohartarazteko kanpaina geroz eta handiagoa eta zabalagoa eginez. Esklerosi Anizkoitza Euskal Fundazioak (EAEF) antolatzen ditu ekitaldiak, eta helburua ez da aldatu ibilbidea hasi zutenetik: gaixotasun horren inguruan herritarrak sentsibilizatzea.

Zuriñe Lopez Gipuzkoako ordezkariak ibilbidearen gorabeherak azaldu ditu: «2001ean erakundea sortu zenean, herri gutxitan egiten zen ekitaldia, baina pertsona ezagunen eta instituzioen babesarekin, goranzko joera hartu dugu, eta geroz eta herri gehiagotara zabaldu da». Baina ez da sentsibilizaziora mugatzen. Jaiaren helburuak haratago doaz: «Gaixotasunak eragiten dituen arazoen inguruan informazioa eman nahi diegu herritarrei, eta, aldi berean, baliabideak lortu», esan du Lopezek. Pedro Carrascal EAEFko kudeatzaileak garrantzitsutzat jo du «gaixoen errehabilitazio zerbitzuak finantzatzeko diru iturriak» lortzea.

Aurtengo ekitaldirako, aurreko urteko datuak gainditzea dute helburu: 110.000 parte hartzaile eta 1.400.000 igeri egindako metro. Bestalde, aplikazio bat argitaratu dute Kukuxumusuk diseinatua. 

Gaixotasunaren larritasuna

Gaixotasunak nerbio sistema zentralari eragiten dio; mielina gune askotan galtzen dute gaixoek, eta, horrela, garunak bulkada elektrikoak bideratzeko gaitasuna galtzen du. Ondorioz, sentsibilizazioaren alterazioak, dardarak agertzen dira sintoma gisa, eta kasu larrienetan, paralisiak, beste sintoma batzuekin batera. Halere, mielina berreskura daiteke, baina partzialki, esklerosi anizkoitza sendatu ezin daitekeen gaixotasuna baita. Ez da kutsagarria, ez eta herentziazkoa edota hilgarria ere. Lopezen hitzetan, «18-35 urte bitarteko gazteei eragiten die gehienbat, eta emakumezkoei gizonezkoei baino gehiago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.