Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak elkarretaratzea egin du gaur goizean Donostian, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak duen lurralde ordezkaritzaren parean. Hainbat euskaltzale bildu dira "Euskara baztertzen duen eredurik ez. Guk eskola euskalduna!" lelodun pankartaren atzean. Elkarretaratzearen bukaeran Kontseiluaren ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko proposamena itsatsi dute Jaurlaritzaren eraikinaren atean. Ondoren ekintzaileek giza-katea egin dute Donostiako San Patricio ikastetxeraino, erdal ereduak eskaintzen dituzten ikastetxeetatik igaroz.
EHEk salatu du "euskal hiribururik euskaldunena" den horretan, Donostian, 10.100 ikasle daudela euskara ezagutzeko eskubidea bermatzen ez dieten erdal ereduetan ikasten.
Herri euskaldunaren aurka hezkuntzaren alorrean ematen ari diren erasoak salatzeko "Guk, eskola euskalduna!" lelopean kanpaina abiatu zuen EHEk iragan urtarrilaren 23an. Ekimenak "segida izango du aurrerantzean, egoerak ez baitauka atzera egiteko itxurarik".