Graduko ikasketa planak berritzean neska eta mutilen arteko berdintasuna lantzeko aukera ikusi zuten Gasteizko Irakasle Eskolan. Orain arte ez da izan horri buruzko prestakuntza, eta, irakasleek duten arduraz ohartuta, gaiari heltzeko bidea aztertu du Pilar Aristizabalek bere tesian. Irakaslegaiek aurrez ikasitako estereotipoak dituzte, eta , haren ustez, Irakasle Eskolari dagokio berdintasunean oinarritutako irakaskuntza eskaintzeko tresnak ematea. Generoaren trataera irakasleen formazioan titulupean tesiaren zati bat argitaratu berri du, Emakunderen laguntzarekin.
Nola lantzen da, gaur egun, berdintasunaren gaia?
Eskola oso gertutik ezagutu dut, hamazazpi urte eman baititut ikastola batean, eta hainbat ekimen egin genituen han. Dena den, gehienetan martxan geundenean egiten genituen, beharrak ikusi ahala: afektibitatea nola landu, patioko espazioen banaketa... Irakasle Eskolan ez genuen horri buruzko gauza handirik egiten.
Historia landu duzue liburuan. Zer bilakaera ikusi duzue?
Hezkuntza sistemen sorreratik bertatik diskriminazioa eta bereizketa egon zen. Hasierako legeetatik bereizita egon dira nesken eta mutilen eskolak, baita irakasleen prestakuntzan ere. Hasiera batean, maistrei egokitzen zitzaien lana maisuaren laguntzaile izatea zen: berogailuak piztu, gelak garbitu, umeak zaindu... baina edukiak maisuak irakasten zituen.
Noiz irauli zen egoera?
XIX. mendearen amaiera eta XX. mende hasieran gauzak aldatzen hasi ziren. Orduko saioetan neskak eta mutilak elkarrekin hezten saiatu ziren, hori bide naturala zelakoan. Ordea, frankismo garaian atzera egin zen.
Euskal Herrian egoera bertsua zen?
Berezitasun batzuk egon ziren, etxe eskolen esperientzia eta ikastolak, kasurako. Etxe eskoletako irakasle guztiak emakumeak ziren; Emakume Abertzaleen Batza izan zen horien oinarria. Ikastolak, 1960ko hamarkadan sortu zirenean, ez ziren emakumeen proiektuak bakarrik. Gurasoek parte hartzen zuten, baina oinarri pedagogikoa bertatik edan zuen.
Historia horrek nola eragin du gaur egungo egoeran?
1970ean eskola mistoaren debekua kendu zen arren, ez zen 1984ra arte benetan gauzatu. 1990ean, LOGSEn hezkidetza ezarri zen, zeharka lantzeko gai baten moduan, eta pertsonaren garapen integralaz hitz egiten hasi zen. Mugimendu handia egon zen orduan; ikuspuntu feministatik egindako ikerketa pilo bat egin zen... Aldi batean hori gelditu egin zen, ordea.
Eta gaur egun?
Ematen du orain berriro eman nahi zaiola indarra. Legean asko aurreratu da, baina errealitatean... Ikerketa batzuen arabera, lanean ari diren irakasle gehienek uste dute arazorik ez dagoela dagoeneko. Eskolan berdintasuna dagoela.
Irakasle eskolako ikasleen jarrera aztertu duzu zuk. Alderik ba al dago?
Irakaslegai askok politikoki zuzena dena esaten dute galdetegietan, baina eskola ez dela diskriminatzailea uste dutela erakusten dute elkarrizketetan, oraindik. Uste dute hezkuntzan ez dagoela hori lantzeko premiarik, dena lortuta ez dagoen arren, ikasleak berdin tratatzen direlakoan.
Irakasle eskolan ere nolabaiteko bereizketa dagoela azaltzen da liburuan. Emakumeek haur hezkuntza ikasten dute, batez ere, eta gizonezkoek soin heziketa, adibidez. Garai bateko egoeraren zantzuak dira?
Nire ustez, jarraipena da. Gaur egun, galdetuz gero, esaten dute gustu kontua dela, baina arrastaka daramagun zama bat da. Irakaskuntza emakumeentzat oso lan egokitzat jo da beti gure gizartean. Seme-alabak eskolara eraman ditzakezu, haien ordutegia egin, eta, gainera, ordutegi horri esker, etxeko lanaz ere arduratu zaitezke. Hori urtetan egon da, baina ez dugu hori apurtzea lortu.
Nola alda daiteke egoera?
Sentsibilizatu behar da. Hausnartu. Egiten dituzten aukeretan dagoen arrastoaz ohartu daitezela. Europa mailako egitasmo bat badago, generoaren araberako orientazioarekin apurtzeko. Diskriminazioarekiko sentsibilizazioa landu dezakegu. Krisi garaietan atzera egiteko arriskua dago. Bereizitako irakaskuntzaren aldeko zenbait posizio bolo-bolo agertu ziren iaz, eta gai hori landu genuen, adibidez.
Zer tresna erabil daitezke?
Behaketak egiteko tresnak dira, batez ere. Jostailu dendetan jolasen banaketari buruz hausnarketa egin, adibidez. Badaude hainbat esperientzia, txokoetan jolasten ari direla, rol guztietan aritzeko. Esperientzia horiek jakin behar dituzte gure ikasleek.
Nazioartean adibiderik ba al dago?
Finlandian emakumeen edukitzat jo direnak berreskuratu dituzte; eskolan josten ikasten dute, sukaldean gauzak egiten, lisatzen... Eduki horiek guztiek eskola mistoa ezartzean desagertu ziren gure curriculumetatik, orduan eredu maskulinoa ezarri zelako guztientzat. Horrekin denok galtzen dugu.
Pilar Aristizabal. Irakasle Eskolako irakaslea
«Eskola ez dela diskriminatzailea uste dute oraindik irakaslegai askok»
Aristizabalek uste du oraindik bizirik daudela garai bateko hezkuntzaren arrastoak gaur egungo hezitzaileen eta irakaslegaien artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu