Herrialdeka, ELAk dio begiraleen %90ek babestu dutela greba Bizkaian, %50ek Araban eta %60k Gipuzkoan. Horrez gain, hainbat langile elkartu dira 09:30ean Eulen enpresaren egoitzaren aurrean, Bilbon. "Langileen erantzuna oso ona izan da eguraldi txarra eginagatik ere, eta oso pozik gaude lehen bi greba egunek izandako jarraipenarekin", esan dute sindikatuko ordezkariek.
Ikastetxe publikoetako neska-mutikoak autobusean eta jolastokian zaintzen aritzen diren begiraleek lehen greba eguna izan zuten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lan hitzarmen berria eskatzen ari dira duela urte batetik hona, eta gaur izango dute bigarren greba eguna. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek egin dute protestarako deialdia. Datorren asterako beste hiru greba egun antolatu dituzte: astelehenean, asteartean eta asteazkenean. Eta sindikatuek ohartarazi dute akordiorik ez badute lortzen hilaren 27tik aurrera greba mugagabera joko dutela. Sektoreko enpresak "geldirik" daudela salatu dute langileen ordezkariek.
Atzo, lehen greba egunean, ELAren arabera, Bizkaian %90ekoa izan zen erantzuna; Gipuzkoan, %60koa; eta Araban, %50ekoa. Jaurlaritzaren arabera, berriz, Bizkaian %67,5ekoa izan zen erantzuna; Gipuzkoan, %33koa; eta Araban, %24,5ekoa.