Zorroak, liburuak eta koadernoak bizkarrean, animoso joan ziren Debako (Gipuzkoa) ikasleak atzo Luzaro ikastetxera. Atean, baina, bisitari berezia zuten lehen eskola egunean: Tontxu Campos eta bere lantaldea. Aurreko urteetan, hiriburuak hautatu dituzte Hezkuntza sailburuek ikasturtea hasteko. «Baina aurten nahiago izan dugu herri txiki batera joan, hor ere ahalegin oso handia egiten dutelako hezkuntzaren alde». Gainera, haur txikien eraikina inauguratu gabe zeukaten azken 3 urtean, eta bisita «zor» zietela aitortu zuen sailburuak.
Herri txikietan, hiriburuetan, eta oro har ikastetxe guztietan dauden ikasle askotarikoei lekua egitea izango da ikasturte honetarako erronka nagusia, Camposen esanetan. «Maila sozioekonomiko guztietako eta ikasteko gaitasun ezberdina duten umeei behar bezalako eskaintza egin behar diegu. Ohiko ikasle motari zerbitzu ona eskaintzen diegula erakutsi dugu, baina orain «muturreko ikasleei» arreta ona eskaintzea falta zaigu. Horretarako, berrikuntza programak abiatuko ditugu aurten». Izan ere, orain arte indarrean izan direnak amaitu egiten dira aurten, eta berriei ekin beharko diete.
ALDAKETA GUTXI HIZKUNTZ EREDUEKIN. 288.000 ikasleri eta 31.300 irakasleri eragingo diete berrikuntza programek. «Igoera txikia izan da, %1era iristen ez dena. Azken hiru urteetako joera da hazkunde txiki hori». 813 ikastetxe izango dira, 499 publikoak eta 314 itunpekoak. Sareen banaketan eta ikasleen ereduen hautaketan ez da alde handirik aurreko ikasturteekin alderatuta. Ikasleen %48,5 arituko da sare publikoan eta %51,5 itunpekoan. Hizkuntz ereduetan ere ez da aldaketa handirik. D ereduan ikasiko dute ikasleen %44,2k, B ereduan %23,3k eta A ereduan %22,4k. D eta B ereduek azken urteotan izan duten hazkundea azpimarratu zuen Camposek. «Iaztik hona, esaterako, %2 handitu dira D ereduko ikasleak, eta B ereduko hazkundea ez da %1era heltzen; horiek dira A ereduak ez dauzkanak».
Ikasturte hasiera honetako gai nagusiari ere erreparatu zion Hezkuntza sailburuak: ikasle etorkinei. 13.800 izango dira, ikasleriaren %4,8. Camposek berretsi zuenez, Jaurlaritzaren asmoa da 2010. urterako ikasle etorkinen %60k sare publikoan ikastea eta %40k itunpekoan -egun, %68 ari dira publikoan eta %32 itunpekoan-.
Dena dela, hezkuntzako eragile batzuek esandakoari kontra eginez, itunpeko ikastetxeek ikasle etorkinak hartzeko arazorik ez dutela adierazi zuen. «Itunpeko ikastetxeetako arduradunek ez dizkiete oztopoak jartzen etorkinei, besteak beste beraien etorkizuneko hazkundea ikasle etorkinetan dagoela bai baitakite».
Ikasle etorkinekin oreka lortzea helburua izan arren, «zaila» izango dela aitortu zuen. «Zaila da pertsona bati esatea ondoko ikastetxera ezin duela joan, orekaren mesedetan. Gainera, etorkinak dauden auzoetan ikastetxe publikoak daude. Bestalde, urteak aurrera egin ahala, itunpekoetan hasi arren publikora salto egiten dute, ikastetxe publikoen oso irudi ona dutelako».
Ikasturte berriari begira izan daitezkeen lan gatazken inguruan ere mintzatu zen. Aurreko ikasturte amaieran, 1.500 irakasleren egonkor izaera indar barik utzi zuen Hezkuntza Sailak. Sindikatuek aurreratu zuten gai horren inguruan mobilizazioak egingo dituztela. Baina Camposek ez du uste urte liskartsua izango denik. «Nik apustu egingo nuke ikasturte lasaia izango dugula, hezkuntza sistemako eragile guztiok hobekuntzaren alde lan egiteko borondatea baitugu». Horrezaz gainera, hezkuntza sisteman hauteskunde sindikalak izango direla gogoratu zuen, eta laster izango diren udal eta foru hauteskundeek eragina izan dezaketela aurten Legebiltzarrean aurkeztuko dituzten proposamenetan.
SALAKETA. Euskal Herriak Bere Eskolako kideek elkarretaratzea egin zuten atzo goizean, Debako (Gipuzkoa) Luzaro ikastetxearen aurrean. Hezkuntza sistema propiorantz pankartari heltzen egon ziren, baina Tontxu Campos Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua haien aurretik igaro zenean, gutuna eman zioten. Besteak beste ikastetxeek ez dutela euskalduntzen gogoratu zioten. Horrezaz gainera, Bai Eskolak Euskalduntzeari kanpainak bildu zituen 107.768 sinadurari muzin egitea leporatu zioten sailburuari.
[email protected]
«Itunpeko ikastetxeek ez dizkiete oztopoak jartzen etorkinei, etorkizuna haien esku dagoela bai baitakite»
TONTXU CAMPOSEUSKO JAURLARITZAKO HEZKUNTZA SAILBURUA
Ikasliburuen mailegutza programa martxan jarri dute 27 ikastetxek
Aurreko ikasturteko eztabaida nagusienetakoa ikasliburuen mailegutza izan zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak agindu zuen ikasturte honetan indarrean izango zela mailegutza programa, eta hala dago, Juanjo Agirrezabala Hezkuntza Saileko Ikasketa zuzendariak esan zuenez.Oraingoz, hogeita zazpi ikastetxek eman dute izena mailegutza programan parte-hartzeko. Horietako batzuek aurreko ikasturteetatik indarrean zeukaten beraien mailegutza sistema. Agirrezabalak esan duenez, zerrenda ez dago erabat itxita oraindik. «Beste ikastetxe batzuekin hitz egiten ari gara, eta nahi genuke beste hamar inguru ere programan sartzea».
Mailegutza programa ezarrita duten ikastetxeetan, 6 eta 8 urte arteko umeek liburu berriak izango dituzte beti. 3. eta 6. maila arteko ikasleek ordea, hasi berria den ikasturtean liburu berriak izango dituzte, baina hurrengo ikasturteetan erabilitako liburuak izango dituzte. Lau urte iraungo dute aurten erositako liburuek.