Eskola liburuak doan izatea berraztertuko du Nafarroak

«Benetan beharrean» daudenentzat izatea nahi dute, Nafarroako Gobernuko presidente Barcinaren arabera

Erredakzioa
Iruñea
2011ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Dohainik jaso ahal izango dituzte aurten Nafarroan derrigorrezko hezkuntzan ariko diren 63.000 ikasleek eskola liburuak. 2008-2009ko ikasturtean hasitako prozesuaren azken urratsa egingo du Nafarroako Gobernuak, eta, lehendabiziko aldiz, liburuak doan eskuratzeko aukera izango dute ikasle guztiek. Dena dela, Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak jakinarazi du sistema berriz aztertu egin nahi dutela 2012-2013ko ikasturtera begira. Beste sistema bat hitzartu nahi dute eskoletako buruekin, gurasoekin, argitaletxeekin eta talde politikoekin, liburuen doakotasun erabatekoaren ordez «errenten araberako laguntzak» sustatzeko asmoz. Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinak atzo berretsi zuen sistema aldatu nahi dutela: «Benetan beharrean daudenei erantzutea da helburua; benetan liburuak dohainik behar dituztenengana iristea». Nolanahi ere, oraindik erabakitzeko dagoela onartu du, eta, nabarmendu nahi izan du «benetan premia dutenek» eskolarako liburuak doan eskuratzen segituko dutela, erabakitzen dena erabakitzen dela.

Egun martxan dagoen sistemarekin, hala eskatzen duten ikasleek alokairuan jasotzen dituzte liburuak, eta ondo zaindu behar izaten dituzte, ondorengo ikasturteetan beste ikasle batek erabili beharko dituela aintzat hartuta. Hainbat eragilek auzitan jarri dute sistema sarri; izan ere, ikasleek ariketak egiteko erabiltzen dituzten liburu osagarriak ez dira dohainik izaten, eta urtero erosi egin behar izaten dira. Horregatik, erabateko doakotasunaren gainetik, errenten araberako beka sistema baten aldeko mezuak plazaratu dira. Irakasle zenbaitek ere kritikatu izan dituzte doan banatzen diren liburuak erabiliz gero ikasgelan sortzen diren eragozpenak; liburu horietan ezin izaten dute inolako azpimarrarik egin ikasleek, ezta oharrik hartu ere, eta horrek eskolei kasu egiteko orduan arazoak sortzen dizkiela diote.

Sortzen Ikasbatuaz-en kezka

Sortzen Ikasbatuaz-ek, berriz, gaitzetsi egin du, gobernuaren asmo berriaren harira, liburuak hautatzeko orduan izaten den «zentsura politikoa». Hainbat ikastetxek salatu izan dute Euskal Herria kontzeptua darabilten eskola liburuak baztertu egiten direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.