Nafarroako Gobernuak kendu egin du eskola liburuak doan maileguan hartzeko sistema. Ondorioz, familiek ordaindu beharko dituzte liburuak, eta, gero, errentaren arabera, laguntzak jasoko dituzte, gaur Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak esan duenez.
Gobernuak oraindik ez du zehaztu laguntzak zenbatekoak izango diren, ezta zer baldintza bete beharko diren ere horiek eskatu eta jaso ahal izateko.
Iribasen arabera, neurriaren helburua "behar handiena" duten familiak laguntzea da, "eta eraginkortasun irizpidea beteta, erantzun oso, solidario eta bidezkoagoa ematea".
Sistema berria datozen hiru ikasturteetan ezarriko dute, modu progresiboan, kontseilariak jakinarazi duenez. Datorren ikasturtean, Lehen Hezkuntzako aurreneko lau mailatan eta DBHko laugarrenean jarriko dute; 2013-2014an, Lehen Hezkuntzako bost eta seigarren mailatan eta DBHko aurrenekoan, eta 2014-2015ean, DBHko bigarren eta hirugarren mailatan.
Nafarroako hezkuntzako murrizketak salatzeko, protesta ugari egiten ari dira eragileak eta herritarrak. Atzo bigarren greba eguna izan zuten, eta %60ko erantzuna izan zuen. Funtzio publikoak hirugarren greba eguna antolatu du biharko.