«Ikastetxeek pisu handia dute elebidunen hazkunde prozesuan». Maitena Etxebarriaren (Bilbo, 1953) hitzak dira. Haren aburuz, hezkuntza elebiduna sustatzen duten ereduek —D ereduak, batez ere— asko lagundu dute prozesu horretan. Hala ere, eskolan ikasten den euskararekin ez da nahikoa, Etxebarriaren ustez: «Eskolan sortzen dira elebidunak, baina gero landu egin behar da gaitasun hori». Hitzaldi bat eman du Donostiako Miramar jauregian, EHUko Udako Ikastaroetan: Hezkuntza elebidunaren ereduak eta euskal ikasleen hizkuntza.
Gora egin du elebidunen kopuruak Euskal Herrian, gazteen artean batez ere. Zergatik?
Nire ustez, ikastetxeek ekarpen handia egin dute igoera horretan. Orain arte martxan jarri diren hezkuntza elebidun ereduek fruituak eman dituzte, hazi egin baita gazte elebidunen kopurua. Askoz ere pertsona gehiagok dakite orain euskaraz.
Erabilera, aldiz, ez da hainbeste igo. Eskolan ikasitakoa ez da aski, antza denez...
Ezagutza eta erabilera kontzeptu desberdinak dira. Elebidun kopurua hazi egin den arren, euskara ez dago gaztelaniaren parean. Diglosia egoeran dago oraindik; askoz ere gutxiago hitz egiten da euskaraz. Erabilera aztertzeko orduan, beste hainbat faktore hartu behar dira kontuan: hiztunen maila soziokulturala, etxean zein hizkuntza erabiltzen duten, gurasoek zein hizkuntzatan hezi duten, kalean eta lagunartean nola mintzatzen den... Nahiz eta ikastolan euskaraz egin, beste esparru batzuetan erdaraz jarduteko ohitura dute gazte askok; aztertu egin beharko dira hori eragiten duten fenomenoak. Horregatik diot eskolan euskara ikastearekin ez dela nahikoa izaten. Eskolan sortzen dira elebidunak, baina gero garatu egin behar da gaitasun hori.
Ikastetxean ikasten dena beste esparru batzuetara zabaldu behar da, beraz.
Hori da. Ikastetxean hartutako euskara zabaldu egin behar da beste esparru batzuetara: etxera, kalera, aisialdira, administraziora, hedabideetara... Horiez gain, ikusi beharko da, baita ere, oraingo gazteek zein hizkuntzatan heziko dituzten etorkizunean seme-alabak; oso garrantzitsua da hizkuntzaren transmisioa, bizirik iraun dezan. Laburbilduz, esparru akademikotik haratago doan euskara bat behar dugu.
Kontzientziazioa —hau da, gazteek euskara funtsezko lanabes bat dela sentitzea— gakoetako bat izan daiteke erabilera areagotzeko?
Bai. Gurasoek, esaterako, badute izpiritu hori; seme-alabak elebidun izatea nahi dute, euskara ezagutzea eta hitz egiten jakitea. Horregatik matrikulatzen dituzteD ereduan, portzentaje oso altuetan gainera. Hala ere, eskolan euskara ikastearekin ez da aski izaten askotan; erabili ere egin behar dute. Ikasitakoa, ziur aski, ez dute inoiz ahaztuko, baina erabiltzen ez badute euskarak diglosian egoten jarraituko du.
Zein esparrutan eragin behar da euskararen diglosia egoera konpontze aldera?
Nire ustez, euskararen berreskuratze prozesua hiru oinarrizko esparruren barruan egituratu eta gauzatu behar da: hezkuntza, administrazioa eta hedabideak. Hezkuntzan egin den lanak eman ditu bere fruituak; elebidun kopuruaren igoeran ekarpen garrantzitsua egin du. Hala ere, horrekin ez da nahikoa. Garrantzitsua da, halaber, euskaraz lan egiten duten euskarriak edukitzea. Hedabideak baditugu, asko ez badira ere. Aparteko idazleak eta musikariak ere baditugu. Hala ere, lanean jarraitu behar dugu. Gauza garrantzitsu asko erdietsi ditugu, baina asko geratzen da oraindik egiteko, euskara gaztelaniaren mailara eramateko.
Esan duzu ikastetxeek ekarpen handia egin dutela euskara berreskuratzeko. Hobetzekorik baal dute?
Bai, noski. Orain arte ikastetxeetan ezarri diren hezkuntza elebidun ereduek bere fruituak eman dituzte, elebidunen kopurua igotzen lagundu dutelako. Hala ere, berrikuntza eta moldaketa asko egin daitezke oraindik eredu horietan; aztertu egin beharko dira balizko aldaketa horiek. Garbi dagoena da, nire ustez behintzat, Eusko Jaurlaritzak ezarri nahi duen hezkuntza eredu berriarekin ez dela aurrerapausorik emango euskararen berreskuratze prozesuan.
Zein da hezkuntza eredu berri hori?
Proba aitzindari baten moduan ezarri dute zentro batzuetan, baina oraindik ez dago oso zabalduta. Ikasgaiak hiru hizkuntzatan eman nahi ditu Jaurlaritzak: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Horrez gain, hiru hizkuntzei garrantzi bera eman nahi die: ikasgaien %33 eman gura die bakoitzari, eta hori ezinezkoa da. Ezin dira alderatu bertakoak diren bi hizkuntza atzerriko batekin. Ez naiz hezkuntza eredu berri horren aldekoa, inondik ere; euskara sustatu beharrean, gehiago baztertuko duen susmoa daukat.
Maitena Etxebarria. Linguistikan katedraduna
«Eskolan elebidunak sortzen dira, baina gero landu egin behar da gaitasun hori»
EHUko Udako Ikastaroetan parte hartu du Maitena Etxebarriak; hezkuntza elebidun metodoen inguruan hitz egin du, eta eskoletan ikasleek erabiltzen dituzten hizkuntzen ezaugarriak aztertu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu