I txita eta hutsik. Hala dago Iruñeko Txantrea auzoko Axular eskola. Astelehenean jaso zuten ikasleek azken eskola Axularreko betiko eraikinean. Atzo Txantrea utzi eta Iruñeko Buztintxuri auzoan ireki berri duten eskolara joan behar zuten. Baina, Axularrekogurasoen elkarteak jakinarazi duenez, ia 210 ikasleetatik hamar inguru baino ez ziren joan Buztintxuriko eskolara. Oso egoera larria dutela adierazi du Ramontxo Valenzuelak, Axularreko gurasoen elkarteko kideak. «Kezkatuta gaude, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak oso informazio gutxi eman digulako».
Izan ere, Axularreko gurasoen elkarteak salatu du Hezkuntza Departamentuak «ustekabean, modu desegokian eta begirune falta agerikoaz» Axular husteko agindua eman zuela astelehenean. Elkarte horren iduriko, «administrazioak ez du Axular husteko protokolo egokia hautatu». Hezkuntza Departamenduak astelehenean kaleratutako agiriaren arabera, eskola husteko erabakia aurreko ostegunean hartu zuten. Baieztapen horrek ikasleen gurasoak sutu ditu. Izan ere, «Axularren eraikina horren gaizki badago, zenbat denboran egon dira gure seme-alabak arriskuan?», galdetu du Valenzuelak.
Axularren ondoan D ereduko hezkuntza eskaintzen duen Arturo Campion ikastetxea dago. Eskola horren eraikina zegoen hasiera batean gaizki, eta hori ere itxita dago. Valenzuelari harrigarri egiten zaio, gainera, Iruñeko Udala bi eraikinen inguruko espaloiak berritzen aritzea. «Administrazioen arteko koordinazio falta izugarria dago, bi ikastetxeak berehala eraitsi behar direla esaten bazaigu ere bi ikastetxeen inguruko espaloiak berritzen ari direlako», salatu du. «Lotsagarria eta onartezina iruditzen zaigu diru publikoa xahutzea berehala hondatu beharreko espaloi berriak egiten», salatu du gurasoen elkarteak manifestu batean.
Beraz, ikasturte osoan Axular eskolako ikasleek izan duten dinamika guztiz aldatu da azken egunotan. Bi eskolak batuta Txantrean TIL eredua ezarri nahi duten susmoa dutela esan duMaider Alvirak, ikasle baten amak. Hori horrela, Axularreko gurasoen elkarteak egiten dituen eskaeren artean «Txantreatik ez mugitzea» dago. Izan ere, D ereduko eskola nahi dute Txantrean, eta ez daude seme-alabak beste ikastetxe batera bidaltzeko prest.
Horren ondorioz, Axular eskolako ikasleek Txantreako Arriurdiñeta enparantzako parkean igaro zuten atzoko eguna. Oraingoz, gurasoek Euskaraz Mintzaz elkarteko begiraleen laguntza eta Sortzen-Ikasbatuaz-en babesa dute, goiz osoan umeak entretenituta edukitzeko. Alvirak esan duenez, datozen egunetan auzoko ludotekako gela batzuk uztea espero dute gurasoek.
Oraingoz, eta ikasturtea bukatu arte, Axularreko gurasoen elkarteak argi utzi du Txantrean gelditu nahi dutela aldarrikatzen jarraituko dutela. Valenzuelak jakinarazi duenez, Hezkuntza Departamentuarekin hitz egiteko prest daude, baina eurentzat «ezinbestekoa da eraikiko den eskola berrian D eredua izango dela bermatzea». «Bestela, protesta ekintzak egiten jarraituko dugu».
Eskolan ezin, eta parkean ikasi behar
Eskolak Txantrean D eredua eskaintzea nahi du Axular ikastetxeko gurasoen elkarteak. Ez daude euren haurrak Buztintxurira eramateko prest. Oraingoz, auzoko parke batean daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu