Ikasturtea martxan dago. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikasleak asteon hasi dira eskolan. Gehienek gaur dute lehenbiziko eguna, nahiz eta aurreko egunetan ere hasiak diren herri batzuetan. Egoera berezian dator ikasturtea. Aurreko hilabeteetako atentatuen ondoren, segurtasun neurri bereziak hartzeko agindu die Frantziako Gobernuak ikastetxeei; besteak beste, erasoen inguruan prestakuntza eman beharko diete ikasleei. Poliziak bereziki zainduko ditu eskolak, gainera.
Hegoaldean datorren astean hasiko dira eskolak, ostegun aldera —mailaren arabera desberdina izan ohi da hasteko eguna—. LOMCE legearen itzalpean hasiko dute ikasturtea. Aurten da erabat martxan jartzekoa erreforma, eta errebalidak ere abian izango dira DBHn eta Batxilergoan. Ikusteko dago zer gertatuko den, ordea. Batetik, Madrilgo aldaketak: gobernua osatu ezinik, jardunean jarraitzen du PPren gobernuak, eta LOMCE ezartzeko pausoak ematen. Besteak beste, errebalidak egiteko dekretua onartu du. Bestetik, ikusteko dago Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak nolako neurriak hartzen dituzten errebaliden inguruan.
Lehen urtea dutenez, titulua lortzeko ez dira giltzarri izango DBHko eta Batxilergoko errebalidak. Baina eragin bat izango du Batxilergokoak: unibertsitatera sartzeko notaren %40 erabakiko du. Teorian, beraz, selektibitatearen lekua hartuko du aurtengo ikasturtean. Eusko Jaurlaritzak, hala ere, selektibitateari eusteko nahia agertua du.