Eskozia eredutzat har daitekeela dio Izaskun Bilbaok

Independentziarako bidea hasteko, Euskal Herriak ekonomikoki buruaskia dela erakutsi behar duela uste du

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Eskoziako autodeterminazio prozesua «eredu» izan daiteke Euskal Herriarentzat, Izaskun Bilbao EAJren eurodiputatuaren hitzetan. Bide horretan aurrera egiteko, Euskal Herriak Europaren aurrean Espainiatik bereizita «ekonomikoki buruaskia eta eraginkorra» den herri gisa aurkeztu behar duela uste du.

Europak estaturik gabeko nazioen autodeterminazio eskubidea onartzea «denbora kontua» besterik ez dela adierazi du, gainera, Bilbon, Forum Europa ekimenak antolatutako hitzaldian. Eta, horretan, Eskoziako prozesuak asko lagunduko duela iruditzen zaio. Eskoziak galdeketa bidez independente izatea erabakitzen badu «Erresuma Batuan ez dela ezer gertatzen» frogatzen denean, aldatu egingo dela Europak autodeterminazio eskubidearen inguruan duen jarrera.

«Politika garapen modu bat da», adierazi du Bilbaok. Hortaz, «urte batzuk barru», herrien autodeterminazio eskubideari eta askatasunari buruz hitz egitea «normala» izango dela seguru dagoela azaldu du.

Bidea egiteko Euskal Herria «identitate ekonomiko» gisa aurkeztu behar dela nabarmendu du: «hori da XXI. mendean balio duena». Euskal Herriak duen «garapen ekonomiko eta humanoa» Espainiarekiko desberdina dela azaldu du, eta, gerora, Europan «eredu» izango dela, gainera.

Badu aukera

Bilbaoren hitzetan, «Euskadik badu aukera ikusgarri egin eta Europan integratzeko prozesu bat abiatzeko bere berezitasun instituzionalekin eta nazio identitatearekin». Independentziarako bidea egiteko, baliabide ekonomikoak erakustearen garrantzian egin du indar: «Hemen berrikuntza dago, sare produktiboa, eta lanpostu zein ongizate sorrera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.