Eskozian independentziari buruzko erreferendumera nork deitu behar duen eta noiz egin behar den eztabaida piztu da egunotan Edinburgon eta Londresen. Erresuma Batuko lehen ministro David Cameronek piztu du sua, beranduenez urte eta erdi barru egin behar dela eta Westminsterko Legebiltzarrak deitu behar duela esanez; gainera, esan du eskoziarrek independentziari bai edo ez erantzun beharko diotela, eta, hala, bestelako aukerei ateak itxi die. Edinburgotik, ordea, jaso du erantzuna; Alex Salmond gobernuburu eskoziarrak berak ohartarazi du eskoziarrek erabakiko dutela noiz eta nola egin eta galdeketa 2014ko udazkenean egiteko asmoari eusten diotela.
Galdeketa lehenbailehen egiteko Cameronen asmoa ezezkoak irabaz dezan eginiko ahalegina dela agerian geratuta ere, Euskal Herritik begiratuta, eztabaida horren xehetasunek baino gehiago eztabaida hori sortzeko arrazoiak hartu du garrantzia, alegia, Eskoziari, eskoziarrei erabakitzeko eskubidea aitortzeak, Erresuma Batuaren batasunaren defendatzaile sutsu batek erreferenduma egitea defendatzeak.
«Kontua da, bere zilegizko estrategia unionistatik, onartu egiten duela, era berean, estrategia independentistaren zilegitasuna eta joko demokratikoa, eta aitortu egiten duela eskoziarren erabakitzeko eskubidea», diote Independentistak Sareak. «Jarrera honekin britainiar gobernuak onartu egiten du autodeterminazio eskubideak, herrien eskubide unibertsala den heinean, Europa barneko herri eta nazioak ere babestu egiten dituela».
Eusko Alkartasunak ere interpretazio bertsua egin du: «Londresen inposizioak gorabehera, Eskoziaren kasuak erakusten du independentzia aukera bat dela Europako Batasunean».
Independentistak Sareak eta EAk antzeko ikuspegia azaldu dute Espainiako eta Frantziako estatuen jarreraren gaineko interpretazioan, eta «jarrera immobilista eta antidemokratikoa» alboratuta, Europako beste herrialdeetanegindako urratsei jarraitzeko eskatu diete.
Ezker abertzaleak oraindik ez du gogoeta ofizialik plazaratu. Dena den, argi dago Eskozian gertatzen ari denari erreparatzen ari zaiola, Pernando Barrena Twitter bidez hedatzen ari den mezuek erakusten dutenez, esaterako.
Eskoziari begira, miraz
Eskozian erreferendumari buruz piztu den eztabaidaren oihartzuna iritsi da Euskal Herrira ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu