Alsazia salbu, Frantziako bertze eskualde guztiak bezala, Akitania ere ezkerraren esku gelditu da. Alain Rousseten taldeak Bordeleko eskualde kontseiluaren gidaritzari eutsiko dio, bertze sei urtez. Erraz nagusitu zaio UDF-UMP zerrendari. Ipar Euskal Herrian ere, eskuinak ezkerrak baino boz gehiago lortu du. Hala ere, Ipar Euskal Herria Pirinio Atlantikoak eta Akitania baino eskuinago kokatzen dela agertu da hauteskunde hauetan ere. Ezkerraren batez besteko emaitza baino puntu batzuk apalago dago Ipar Euskal Herrikoa.
Pirinio Atlantikoek hemezortzi ordezkari izanen dituzte Bordeleko biltzarrean. Horietatik zazpi baizik ez dira Ipar Euskal Herrikoak. PS-Berdeak zerrendako hautetsien herena Ipar Euskal Herrikoa izanen da, horietarik hiru PSkoak dira eta bat Berdea. Proportzioa desberdina da UDF-UMPko zerrendan. Bost ordezkarietatik hiru Ipar Euskal Herrikoak dira, UMPko bi eta UDFko bat. FNko ordezkari bakarra Biarnokoa da.Ipar Euskal Herriko hautetsi kopurua alda liteke, ondoko egunetan. Frantxoa Maitiak ez du oraindik erabaki zein kargu utziko duen. Kontseilu nagusi kargua lortu ondoan, hiru dauzka. Bat sobera. Izpurako auzapez eta eskualde kontseilari zen orain arte. Kontseilari nagusi karguarekin, bati uko egin behar izanen dio. Auzapez kargua eta eskualde kontseilari karguaren artean dudan dago. Eskualde kontseilari kargua uzten badu, bere ordezkoa biarnesa izanen da. 30 eguneko epea dauka hautatzeko.
Lehen batzarra ostiralean
Akitaniako kontseilu berriaren lehen batzarra heldu den ostiralean iraganen da, Bordelen. Akitaniako lehendakaria, lehendakariordeak eta batzorde iraunkorreko kideak hautatuko dituzte. Orain arteko berak, hala nola Alain Roussetek, jarraituko du lehendakari karguan. PS-Berdeak zerrendako buru zen. Lehendakari kargua zerrenda irabazleko zerrendaburuari dagokio. Batzorde iraunkorrean 42 kide daude, horietan dira hamalau lehendakariordeak. Hilabetean behin biltzen da. Kontseiluko lehendakaria du lehendakari batzorde horrek ere. Horrez gain bertze hainbat batzorde daude, arloz arlo.
Hauteskunde sistema berriarekin, Roussetentzat duela sei urte baino errazago izanen da eskualde kontseiluaren gobernatzea. Sistema berriak zerrenda irabazleari eskainuen gehiengo osoa ematen dio. Dena den, kasu honetan, boz kopuruetan ere gehiengo osoa lortu. Baina duela sei urte, lehen itzuliko emaitzen arabera zehazten zen hautetsi kopurua. Gobernatzeko, alderdien arteko tratuak beharrezkoak ziren, gehiengo osorik ez bazen. Aldi honetan, Roussetek erosotasun gehiago dauka.
Haatik, lehen itzulian aurkeztu ziren indar andana bat ordezkari bihirik gabe gelditu dira. UDF eta UMPkoek zerrenda batua osatu zuten. CPNT, PCF eta LCR ordezkaririk gabe gelditu dira, ez zutelako bigarren itzulian aurkezteko baimenik. Lehen itzulian ez zuten behar adina boz lortu horretarako. Komunistek posible izan zezaketen PS-Berdeak zerrendarekin bat egitea, baldin eta %5 gainditu bazuten. Indar banaketa bi alderdi nagusien esku gelditu da.
ESKUALDE HAUTESKUNDEAK. Akitania ere ezkerrarentzat
Ipar Euskal Herritik PSko hiru, Berdeetako bat, UMPko bi eta UDFko bat joanen dira Bordeleko eskualde kontseilura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu