Hauteskunde bezpera honetan, Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren aurka ez da inor argiki mintzo, baina gutxi daude benetako ezagupena aldarrikatzeko. UMP, PS, Front de Gauche eta beste orain arte dauden egiturekin (Hautetsien Kontseilua, Garapen Kontseilua...) eroso daude; EH Bai, EAJren Euskadi Europan eta Europe Ecologiek, berriz, euskal lurralde kolektibitate propio bat eskatzen dute. Modemen inguruan osatu Forces Aquitaineri doakionez, Jean Jacques Lasserre zerrendaburua ere alde agertu da, «eskakizun honen kontra joatea Ipar Euskal Herriko errealitatearen ezeztatzea» dela zehaztuz. EH Baiko bozeramaile Xabi Larraldek posizio «historiko» hau «larria» dela ohartarazi du, ikusiz hainbat urtez ezagupenaren aurka izan dela.
Lasserrek aditu batzuekin «Euskal Herriarentzat ezagupen forma bat bilatzen» ari dela jakinarazi du, eta Frantziako Gobernuak lurralde berrantolaketa erreforma zehaztua izanen duenean begiratuko dutela zehazki «juridikoki» zein izan daitekeen.
Hori entzungai izan zen atzo BERRIArekin elkarlanean Euskal Irratiek eta Le journal du Pays Basque kazetak batera animatu mahai-inguruan. UMP, PS, Forces Aquitaine, Europe Ecologie, NPA, EH Bai, Front de Gauche eta Euskadi Europan egon ziren eztabaidan.
Azken finean, Euskadi Europan, EH Bai eta Europe Ecologie dira argiki alde mintzatu: «Abertzale gisa, Ipar Euskal Herriarentzat eskumen zabalak dauzkan instituzio berezi bat eskatzen dugu», dio Larraldek; «Ipar Euskal Herriarentzako lurralde kolektibitate propioa, hori da gure proiektuaren oinarria», dio Jean Telletxea Euskadi Europan-eko zerrendaburua, eta «instituzio propioa aterabide bat da eta han eta hemen dauden brikolajeak baino sinpleago litzateke», dio Jean Lissar Europe Ecologieko zerrendaburuak.
Pays egituraren desagerpena
Ipar Euskal Herrian 90eko hamarkadan sorturiko Garapen Kontseilua, Hautetsien Kontseilua eta Pays egiturek ez dakarte ezagupen instituzionalik. Hala ere, «horrelako berezitasun instituzionalak dauzkan lurralde bakarra» dela dio UMPko zerrendaburuak, Alain Lamassourek. Bidean den lurraldearen berrantolatzeko erreforman berezitasun hauek «ezagutarazi eta onarrarazi» beharko direla ohartarazi du. Front de Gauche hautagaitzako Daniel Romestanek ere Pays egiturak «interesgarriak zirela» dio.
«Zirela» eta ez direla. Hain zuzen, erreformak haien desagerpena ekar lezake, eta UMP izan ezik, denak kezkaturik daude. PSren zerrendaburu Frantxoa Maitiak dio ezagupen instituzionala eskatzeko «kontrako giro» batean izaki «gutxienez hauek babestu» behar direla. Larraldek «defentsarik hoberena erasoa» dela erantzun dio: «Anbizioa ez badugu azaltzen, Frantziako Estatuak ez dizkigu sekula espero ditugun erantzunak emanen». Egitura hauek «sasi tresnak» direla dio Larraldek.
Batera-k etzi antolatuko duen herri kontsulta, berriz, Romestan izan ezik, denek ontzat jo zuten.
ESKUALDEETAKO BOZAK. KANPAINA. Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala eztabaidaren gunean
EH Bai, Europe Ecologie, Euskadi Europan EAJren inguruko zerrenda eta Forces Aquitaine dira argiki alde agertu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu