HERRIRA-REN AURKAKO OPERAZIOA

"Eskubide eta askatasunen defentsan" mobilizatzera deitu dute larunbaterako

Bilboko Casillatik abiatuko da manifestazioa, 17:30ean. Eragile ugarik bat egin dute protestarekin. "Bidegabekeria honek helburu politiko bat du, edo hainbat helburu", salatu dute. Atzeratu egin dute larunbatean bertan Iruñean egitekoak ziren martxa, Bilbokoa indartzeko. Guardia Zibilak gaur hartuko die deklarazioa atxilotuei, eta bertan egoteko aukera izango dute abokatuek.

Bilboko Arriaga aurrean egindako agerraldia. ARGAZKI PRESS
2013ko urriaren 1a
17:08
Entzun

Agerraldi jendetsu bat egin dute Bilboko Arriaga antzoki aurrealdean, Herrira mugimenduaren egoitzatik gertu. Bertan sartu zen Guardia Zibila atzo, bai eta mugimenduak Iruñean, Gasteizen eta Hernanin dituen egoitzetan ere. Atxilotuak komunikatuta eduki dituzte atxiloaldian, eta, BERRIAk jakin ahal izan duenez, gaur 21:00etan hasiko da Guardia Zibila atxilotuei deklarazioa hartzen, eta abokatuekin egoteko aukera izango dute. Manu Ugartemendia, Nagore Garcia, Gorka Gonzalez, Ane Zelaia, Fran Balda, Jon Garai, Imanol Karrera, Eneko Villegas eta Sergio Labaieni hartuko diete gaur deklarazioa.

Agerraldian izan dira, besteak beste, ezker abertzaleko kide Joseba Permach, Tasio Erkizia eta Periko Solabarria, eta EH Bilduko legebiltzarkide Pello Urizar, Oskar Matute eta Rebeka Ubera. Herrira-ren jarduera publikoa dela nabarmendu dute, giza eskubideen defentsa helburu duena. Izan ere, gaurko agerraldian elkartutako eragileek oroitarazi dute "normal-normal" dituztela harremanak mugimenduarekin, eta gaineratu horri eutsiko diotela: "Hainbeste militante eta arduradun atxilotu izanak nahigabea eta haserrea eragiten digu. Horregatik, edozer baino lehenago, atxilotuekiko eta horien senideekiko elkartasuna adierazi nahi dugu. Halaber, ez dugu ezkutatu nahi beldur garela azken orduotan polizia egoitzan jaso dezaketen tratua dela medio".

Polizia operazioak "eskubide eta askatasun demokratikorik funtsezkoenak" urratzen dituela salatu dute, eta erabaki politikoa ikusten dute operazioaren atzean: "Guretzat begi-bistakoa da bidegabekeria honek helburu politiko bat, edo hainbat, dituela. Lehena, ageri-agerikoa, euskal preso politikoen eskubideen defentsa kriminalizatzea. Noiz, eta argitaratzekotan denean Espainiako Estatuak presoekiko ezarri duen zigorren luzapen krudelari buruzko epaia. Kriminalizazioa dela medio, Espainiako Gobernuak aldez aurretik zuritu nahi du bere jokabidea, giza eskubideen Europako auzitegiari kargu hartuko bailioke estatu arrazoiaren aurkako epai bat emanez gero".

Halaber, "makrosumario eta ilegalizazioek markatu duten aroa sine die" luzatu nahi izatea egotzi diote Espainiari: "Gure herriko esparru zabal baten lan politikoa eragoztea da xedea, hark irtenbideen aldeko jarrera izanagatik, ataka antirrepresiboan kateatuta gera dadin eta haren garapena galarazte aldera". Atzoko sarekadarekin PPk eta Espainiako Gobernuak dituen arazoak ezkutatzeko nahia ere antzeman dute.

Operazioaren inguruan erantzun "zabal eta irmoa" bultzatzeko beharra nabarmendu dute, eta deialdia egin: larunbatean 17:30ean egingo dute manifestazio bat, Bilboko Casillatik abiatuta. "Gure helburua da Espainiako Estatuari helaraztea euskal jendarteak bidegabekeria hauekiko duen sentipena, eta gure elkartasuna adieraztea atxilotuei, berehala libre utz ditzatela exijituz", esan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.