1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako gertaera lazgarriak gogoan hartuta, ekitaldi bateratua egingo dute aurten, aurrenekoz, ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak. Indarrak batuz, eskubideak eskuratu lelopean antolatu dute ekitaldia. Martxoaren 3an izango da, eguerdiko hamabietan, Zaramaga auzoko plazan. Egun horretan, "eskubide guztien alde eta aldaketa politiko eta sozialaren alde indarrak batzeko" deia egin dute hiru alderdiek.
Hauexek izan dira prentsaurrekoan: ezker abertzaleko Aitor Bezares eta Maite Fernandez de Labastida, EAko Lorena Lopez de Lacalle eta Patxi Martinez de Albeniz, eta Alternatibako Luis Maria Salgado eta David Pina. Hiru alderdiek sinatutako Euskal Herria Ezkerretik izeneko akordioa abiapuntu hartuta antolatu dute martxoaren 3ko gertakarien oroimenezko ekitaldia.
Alderdien ustez, duela 35 urte langileriak aldaketa politikoa aldarrikatzeko bat egin zuen modura, orain ere "benetako aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko aukera historikoa" ere zabaldu da. Jakinarazi dutenez, Bloody Sunday (Igande Odoltsua) Ipar Irlandako ekimenaren ordezkaritza izango da Gasteizen martxoaren 3an. "Eskubide zibilen aldarrikapenen arloan erreferentzia da Bloody Sunday", esan dute.