Mende erdi darama Gorabide elkarteak adimen urritasuna duten bizkaitarren alde lan egiten. Joseba Fernandez komunikazio saileko arduradunak eman du urteurreneko ospakizunen berri.
Aurten, Gorabidek 50. urteurrena ospatuko du. Ibilbide horren balorazioa egiteko orduan, zer nabarmenduko zenuke?
Oso ibilbide positiboa izan da; asko egin dugu aurrera. 1962an, adimen urritasuna zuten pertsonak ia ez ziren etxetik irteten, edo erietxe psikiatrikoetan sartzen zituzten. Hori ez zen euren lekua, urritasun hori ez delako gaixotasuna. Egun, pertsona hauek oporretan joaten dira; lan arruntak dituzte, edo urritasunei egokitutako tailerretan behar egiten dute. Eskubide guztien jabe direla onartzea lortu dugu.
Elkartearentzat zer esan nahi du ONCE Euskadi saria eta Bizkaitar Argia izendapena jasotzeak?
Egindako lanari ezagutza ematea da. Hala ere, ez ginatekeen lan hori egiteko gai izango familien eta adimen urritasuna duten pertsonen laguntzarik barik. Horretaz gain, langileen, gure balioekin inplikatutako boluntarioen eta babesa eman diguten erakunde publiko zein pribatuen babesa ere ezinbestekoa izan da guretzat.
Urteurrena ospatzeko, hainbat egitasmo abian jarri dituzue. Zer egingo duzue hurrengo hilabeteetan?
Orain, bideo bat prestatzen ari gara munduko hainbat lekutako elkarteek bidali dizkiguten zorion musikalekin. Irailaren 13an, urteurrenaren eguna dela-eta, ekitaldi instituzionala egingo dugu. Eskoletan marrazki lehiaketa bat egingo dugu, umeek adimen urritasunaren inguruan duten ideia isla dezaten. Urrian, taldearen orainaren eta geroaren inguruko topaketak egingo ditugu, eta azaroan, ospakizun jaia egingo dugu.
Joseba Fernandez. Gorabideko komunikazio saileko arduraduna
«Eskubide guztien jabe direla onartzea lortu dugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu