Politika

"Eskubide zibil eta politiko guztiak guztientzako" eskatu dituzte hainbat eragilek

Ekitaldi jendetsua egin dute Bilbon, Euskalduna Jauregian, Adierazi EH ekimen herritarra aurkezteko. "Eskubide politikoen ukapena" dela-eta "Europa osoan parekorik ez duen egoera gainditu" egin behar dela aldarrikatu dute. Besteak beste, EAko, ezker abertzaleko, Aralarreko eta Alternatibako kideak izan dira.

2010eko urtarrilaren 30a
19:29
Entzun
Jarduera sozial, kultural, sindikal, politiko, akademiko eta kiroleko hainbat eragilek “eskubide zibil eta politiko guztiak guztientzat” eskatu dituzte gaur Bilbon, Euskalduna Jauregian egindako agerraldi jendetsuan. Adierazi EH ekimen herritarra aurkeztu dute, eta Euskal Herrian zabaltzeko asmoa daukate.

Rafa Larreinak (EA), Rufi Etxeberriak eta Tasio Erkiziak (ezker abertzalea), Josu Murgiak (Aralar), Oskar Matutek (Alternatiba), Ainhoa Etxaidek (LAB), Mikel Izagirrek (Urnietako alkatea eta Gipuzkoako EBko batzarkidea), Marian Beitialarrangoitiak (Hernaniko alkatea), Ino Galparsorok (Arrasateko alkatea), Martxelo Otamendik (BERRIAko zuzendaria), Josu Juaristik (Gara-ko zuzendaria), eta EILAS, Hiru, EHNE, EHUko eta beste arlo batzuetako hainbat lagunek atxikimendua agertu dute, eta aretoan izan dira.

Espainiako Estatuak “askatasunak murrizten” dituela salatu dute agerraldian, eta “eskubide politikoen ukapena” pairatzen dutela euskal herritar ugarik eta hainbat erakundek. “Ideia bat adierazteagatik, sentimendu bat transmititzeagatik, jardunbide publikoan aritzeagatik” kartzelatu eta auzipetu egin dituztela gaitzetsi dute. Horrek denak “eragin itzela izan du Euskal Herriko bizitza politiko eta sozialean. Egoera honen ondorioak, herri honen eguneroko martxa, bere instituzioak, eztabaida politiko eta soziala, bai eta etorkizuna bera ere baldintzapetzeko modukoak izaten ari dira”.

“Europa osoan parekorik ez duen egoera” hori “gainditu” egin behar dela aldarrikatu dute. “Hori lortzeko, erantzun tresna kolektibo eta eraginkor bat abian jarri nahi dugu. Urrats bat aurrera. Hau da momentua hau guztia gainditzeko. Egoera iraultzeko unea oraintxe dela diogu. Behin betiko, modu positibo eta kolektiboan”.

Munduko hainbat erakunderen adierazpenen “babespean”, oinarrizko eskubideak aldarrikatu dituzte: iritzia emateko, manifestazioa egiteko, intimitaterako eta pribatutasunerako, justiziarako, botoa emateko, eta “egoera konpontzeko eta demokrazia berrezartzeko” eskubideak. “Atzeraezina, saihestezina eta ezinbestekoa da Euskal Herrian parte-hartze demokratikorako guneak birsortzea”.

Ekitaldian musika, antzerkia, dantza, argia, irudiak… izan dira. 18:15ean hasi da eta 19:10etan bukatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.