«Eskubideak urratzen dituzten salbuespen legeak» baliogabetzeko eskatu dute hainbat eragilek

Jarduera politikoagatik preso daudenak askatzeko eta inor gehiago ez epaitzeko eskatu dute

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
«Estatuak zilegi ez den legezko erreminta bat» garatu duela salatu dute Gasteizen hainbat eragilek. Eskubide zibil eta politikoen urraketaz ari dira, eta nabarmendu dute Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak zein Terrorismoaren kontrako borrokan giza eskubideak sustatu eta babesteko Nazio Batuen errelatore bereziak ere ohartarazi diotela Espainiari aplikatzen duen «salbuespenezko legedia» eta nazioarteko zuzenbidea ez direla bateragarriak.

Horregatik, eskubideak ezin daitezkeela egoera politikoaren menpe egon azpimarratu dute, eta hiru eskaera egin dituzte: epaiketa politiko guztiak bertan behera uztea, jarduera politikoagatik auzipetuak izan diren pertsona guztiak berehala askatzea, eta «eskubide zibil eta politikoak urratzen dituzten salbuespen legeak baliogabetzea». Hori «premiazkoa» ez ezik «justizia kontua» ere badela uste dute.

Hiru eskaera horiek egin dituztenen artean daude Iban Zaldua eta Juan Ibarrondo idazleak; Andoni Egaña, Manex Agirre eta Oihane Perea bertsolariak; Irati Anda eskalatzailea eta Nekane Jurado idazle eta ekonomialaria.

Prentsaurrekoan agertu ziren atzo, Gasteizen, Ekaitz Samaniego gaztearen egoera salatzen. Espainiako Auzitegi Gorenak zortzi urteko espetxe zigorra berretsi zuen Samaniegorentzat, eta gazte mugimenduan egindako lan politikoagatik hura espetxeratzeko agindu zuen. Samaniego «bermerik gabe» epaitu zutela salatu dute, eta harena ez dela kasu bakarra azpimarratu dute. Hala, gogora ekarri dute Gasteizen bertan beste 13 gazte daudela epaiketaren zain, Segiko kide izatea egotzita, eta Euskal Herri osoan 70etik gora direla.

Horrek inoiz ez zuela gertatu behar esan ostean, oraingo egoera politikoan «inoiz baino gehiago» lekuz kanpo ikusten dituzte legez kanporatzeak. «Gure gizartean nagusi den elkarrizketa gatazka gainditzekoa eta konponbideak bilatzekoa den bitartean, gerra legedia aplikatzen jarraitzen dute», salatu dute, eta gizarteak espetxe politikan aldaketak eskatzen dituen bitartean Espainiako Gobernuak jende gehiago preso sartu nahi duela; esate baterako, Samaniego.

«Dena ETA da» dioen teoriak eta haren ondorioek indarrean jarraitzen dutela salatu dute. Bi datu eman dituzte: 120 lagun daudela espetxean beren jarduera politikoagatik; eta 180 baino gehiago direla jarduera politikoagatik Espainiako Auzitegi Nazionalera joan behar izan dutenak.

Horrek guztiak legez kanpo utzitako talde eta alderdietako kideei baino gehiagori eragiten diela salatu dute, «kale mailan 'diskurtso bakarrarekiko' desadostasuna eta disidentzia agertuz eginiko adierazpen orok kriminalizazioa sufritu behar izan duelako». Politika horiek eragindako «zehar-kalteak» asko direla diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.