GIZA ESKUBIDEEN NAZIOARTEKO EGUNA

Eskubideekiko konpromisoa adierazi dute ehunka lagunek

Aulkietan eserita eskatu dituzte eskubideak Bilbon, Donostian, Iruñean eta Lizarran, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean. Abiatu berri den mugimendu herritarraren lana herriz herri zabalduko dela azaldu dute

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2010eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Hotzari aurre egin, kalera atera eta, ordu erdi baino gehiagoz, eserita adierazi zuten eskubideen aldeko konpromisoa ehunka lagunek atzo iluntzean Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Lizarran. Oztopoak oztopo, eskubideen alde inplikatzeko prestasuna erakutsi zuten, isilik, kandelak eskuetan hartuta, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean. Giza eskubideen aldeko mugimendua bultzatzeko prest daudela ikusarazi zuten. Larunbatean hainbat eragiletako kideek egindako deiari erantzunez, mugimendua abiatu zuten, Eskubide guztiak denentzat leloaren inguruan batuta. Iragarri bezala, aulkietan eserita egin zuten aldarria batzuek. Baina gutxienak izan ziren horiek. Aulkiak eskas geratu, eta zutik aldarrikatu zituzten eskubideak gehienek.

Donostian, 250 lagun inguru batu ziren, eta lurrean Eskubide guztiak denontzat leloa marraztu zuten. Bilbon, berriz, Plaza Biribilean elkartu ziren, 300 bat lagun, berrogehi bat minutuz. Plazako espaloietan egon ziren lehenik, eta, ondoren, errepidera egin zuten jauzi, bidea erabat itxita. EILAS sindikatuko kide Arantza Fernandez Garaialdek eta Lokarriko Manu Vilabrillek orduan irakurri zuten sustatzaileek larunbatetan plazaratutako agiria.

Herritarrei egindako deialdia izanik, herritar xumeak izan ziren bildutako gehienak. Hala ere, izan zen politika, sindikatu eta gizarte eragileetako kiderik ere horien artean nahastuta. Baita lan politikoa egin izanagatik Espainiako Auzitegi Nazionalak auzipetu, eta haien eskubide zibil eta politikoak urratuta ikusi dituzten hainbat herritar ere.

Elkarretaratze isilean izan ziren, esaterako, Udalbiltzaren aurkako auzian epaitu dituzten eta epaiaren zain dauden Lander Etxebarria eta Ibon Arbulu; 18/98 auzian epaitu eta absolbitu zituzten Oiakue Azpiri eta Marta Perez; baita politikan aritzeagatik espetxeratu zituzten eta epaiketa zain dauden Karmelo Landa eta Mikel Etxaburu ere. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak ere parte hartu zuen protestan, eta Josu Murgia Aralarreko batzarkideak ere bai.

Atzokoa herritar mugimendu bat dela nabarmendu zuten sustatzaileek, eta hemendik aurrera eskubideak eskuratzeko helburuz biltzeko asmoa dutela «herrietan, auzoetan eta lantegietan».

Mugimendu horren ezaugarri nagusia elkartasuna dela azaldu zuten; etxe barruko zein kanpoko elkartasuna dutela bide. Hori dela eta, nazioarteko herritar eta eragile askorekin biltzen ari direla azaldu zuten, eta, egunotan, mugimenduaren ordezkaritza bat Galizian egiten ari den mundu foroan dagoela. Hain zuzen, Euskal Herriko egoerari eta «bakea lortzeko egiten ari den ahaleginari» buruz arituko da bihar ordezkaritza. Elkartasuna oinarri izanda, urratsak egiteko deia egin zuten sustatzaileek. Eta, bide horretan, urtarrilaren 8rako Bilbon euskal presoen eskubideen alde egingo den manifestazioari elkartasuna adierazi zioten.

Bakea lortzeko prozesuak aurrera egin dezan saiatuko direla adierazi, eta ez dutela «blokeo eta atzerapenik ametituko» ohartarazi zuten. Aurrera egiteko determinazioa dutela.

Beste hainbat herritan ere egin ziren eskubideen aldeko mobilizazioak. Galdakaon, esaterako, 160 pertsona manifestatu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.