Eskubideen alde eta torturaren aurka egitera deitu dute biharko Donostian

Gernikako adierazpena sinatu zuten eragile politikoek deitu dute elkarretaratzera, Alderdi Ederren

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Bai Giza Eskubideak, bai eskubide zibil eta politikoak. Eskubide guztiak guztiontzat Euskal Herri osoan lelopean elkarretaratzera deitu dute Donostiako ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak. Bihar izango da elkarretaratzea, 19:00etan, Alderdi Ederren. Azken hilabetean hiru donostiarrek salatutako tortura salaketek eraman dituzte protestara deitzera.

Euskal Herria beste aro politiko batean sartzen ari dela uste dute elkarretaratzera deitu dutenek, «gatazka politikoa elkarrizketa eta akordioaren bidez konpontzeko aro batean; konfrontazioa soilik bide politiko, baketsu eta demokratikoen bidez izateko aroan». Baina uste dute Espainiako Gobernua borondate eskasa agertzen ari dela «Euskal Herriak duen biolentzia eta gatazka politiko egoerari irtenbidea bilatzeko». Horren adibide jarri dute, irailaren 11n Bilbon egitekoa zen manifestazioaren debekuaz gain, irailean izan diren polizia operazioetan egondako tortura salaketak. Salaketa horiek egin dituztenen artean hiru donostiar daudela ekarri dute gogora: Ugaitz Elizaran, Urko Aierbe eta Xabier Atristain.

Hirurak tortura bortitzak salatu dituztela eta horien berri donostiarrek izatea funtsezkoa dela iritzita, agerraldia egin zuten atzo Donostian, lau eragile politikoen izenean.

NEBen aholkuak

Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen batzordeak torturaren aurka jasotzen dituen gomendioak Donostiako Udalaren giza eskubideen batzordeak bere egin zituela ekarri dute gogora. Hain zuzen, inkomunikazioa bertan behera uztea eta atxiloaldian etengabeko bideozaintza jartzea eskatzen duten puntuak. Donostiako Udalak eskaera horiek bere egin ostean hiru donostiarren tortura salaketak ikusita ezin duela ez ikusiarena egin uste dute. Hargatik, udal agintariei eskatu diete eskuduntza duten erakundeei «ikerketa azkar, independente, inpartzial eta osoa» egin dezan eskatzeko, eta aukera izango balitz «lege urratze horien erantzuleak Justiziaren aurrera eramateko».

Sortzen ari den egoera berria sendotzeko «guztien ekarpena eta konpromisoa» beharrezkoa dela uste dute. Eta berriro halako egoera gerta ez dadin, NBEko kontalari bereziak egindako gomendioetan jasotzen den bezala, tortura saihesteko nazioarteko arauek diotenaren errespetu sistematikoa izan dadin eskatu dute.

Bide horretan indar egite aldera deitu dute bihar elkarretaratzera. «Horrelako egoerak inoiz errepika ez daitezen eta guztion artean oinarrizko eskubideak urratzen ez diren jokaleku berria lor dezagun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.