Eskubide humano, zibil eta politikoen aldeko eta manifestazio debekuen aurkako martxa deitu dute hainbat lagunek urriaren 2rako (larunbata) gaur. Bilbon izango da manifestazioa (Aita Donostia plaza, 17:00). "Inposizioaren eta indarkeriaren" aurka ere agertuko dira. Hauxe da leloa osorik: Ez manifestazioen debekuari. Inongo inposiziorik ez, inongo indarkeriarik ez. Bai giza eskubideei, eskubide zibilei eta politikoei.
Deitzaileak: Txaro Arteaga Emakundeko presidente ohia, Gabriel Mariscal Bizkaiko abokatuen dekano ohia, Ramon Zallo EHUko irakaslea, Pedro Ibarra EHUko irakasle izandakoa, Paul Rios Lokarriko koordinatzailea, Maixux Rekalde Elkarriko zuzendaritzakide ohia, Felix Cañada abokatua, Jose Luis Longarte Gogoa elkarteko kidea, Natxo Isuzkiza apaiza, Carmen Moreno gizarte ekintzailea eta Alfonso Dubois irakaslea.
Gaur iragarri dute ekimena, Bilbon. "Berriki jazo diren manifestazioen debekuengatik kezkatuta gauden pertsona talde bat gara. Horregatik, manifestazio bat deitzea erabaki dugu". Eurak ezker abertzaleko kideak ez direla esan dute, eta Adierazi EHrekin ezer ikustekorik ez daukatela.
Gaur jakinaraziko diote deia Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari. Debekurik balego, "estatu totalitarioan bizi" garela egiaztatuko da, Zallok adierazi duenez. Haien arabera, debekuen aurrean "gizarte zibilak egindako kritika serioa" da gaur egindako iragarpena.
Gaurtik aurrera harremanetan jarriko dira "alderdi politiko guztiekin", sindikatuekin eta gizarte eragileekin biltzen hasiko direla adierazi dute, mobilizazioaren helburua helarazi eta atxikimendua lortzeko. "Euskal gizarteari ere dei egiten diogu, aukera ideologikoetatik edo iritzi politikoetatik harago, herritar guztioi dagozkigun eskubide guztien aldeko manifestazio honetan parte hartzeko".
Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu egin zuen Adierazi EH herritar ekimenak irailaren 11rako eskubide zibil eta politikoen alde deitutako manifestazioa. Debekuaren ondoren antzeko deiarekin beste deialdi bat egin zuten hainbat lagun ezagunek, baina auzitegiak horri ere ez zion balekorik eman.
politika
Eskubideen aldeko eta debeku, "inposizio eta indarkeriaren" kontrako manifestazioa deitu dute urriaren 2rako
Txaro Arteaga, Gabriel Mariscal, Ramon Zallo, Pedro Ibarra, Paul Rios, Maixux Rekalde edota Felix Cañada daude deitzaileen artean. Bilbon izango da martxa. Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu egin zituen irailaren 11rako eskubide zibil eta politikoen alde deitutako bi deialdi. Oraingo deitzaileen ustez, debekurik balego, "estatu totalitarioan bizi" garela egiaztatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu