ESKUBIDEEN ALDEKO MANIFESTAZIOA BILBON. Aurreraka doa marea

Pello Urzelai.
2010eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Oinarrizko eskubideak -giza eskubideak eta eskubide zibil eta politikoak- bermatzea konponbide prozesu arrakastatsu bat eraikitzeko ezinbesteko zorua da. Horregatik du balio berezia atzoko manifestazio jendetsuak. Zoru hori prestatzeko eman diren pausoei bultzada handia eman diete herritarrek. Itxaropena eta sendotasuna eman dio herritar uholdeak zoru hori osatzeko apustuari. Manifestazioak eremu politikoan ongi marraztu du indartuz ari den marea, hots, eskubide guztien errespetuan oinarritutako agertoki berri bat eskuratu nahi duen multzo sozio-politikoa. PSOE eta PP bakarrik gelditu dira espazio horretatik kanpo. EAJ alderdia Gernikako akordioan ez egon arren, manifestazio honek hurbilarazi egin du espazio horretara.

Giza eskubideen urraketa guztiak geldiaraztea eta eskubide zibil eta politikoak guztientzat indarrean jartzea ez da erronka erraza, ETAren ekintza armatuen etenaldia jakinarazi zenetik egiaztatu ahal izan den moduan. Hilabete honetan, atxiloketak, inkomunikazioaldia, tortura, manifestazioen debekua eta jazarpena bizkortu egin dira, abiatutako prozesua ez dadin indartu, etsipena zabal dadin. Oztopoen gainetik ematen ari diren pausoak, baina, kontrakoa lortzen ari dira: apustua gorpuztea, hobeto ikustaraztea eta indartzea.

Gernikako akordioak zehaztu zuen bezala, hastapeneko une hauetan gutxieneko baldintza demokratikoak ezarri beharra dago, segituan elkarrizketa eta negoziazioaren erronkari heltzeko, konponbidea betikotuko duen akordio politikoa lortze aldera.

Zeregin horretan herritarren parte-hartzea eta mobilizazioa ezinbesteko akuilu izango da, oztopoak desagerrarazi eta hurrengo urratsak erraztu bidean. Halaber, nazioarteko komunitatearen esku-hartzeak eragin handia izan dezake ibilbide honetan. Bruselako Adierazpeneko sinatzaileek konpromiso hori jorratzeko borondatea erakutsi dute. Jauzi handia eman da azken hilabetean. Marea aurrera doa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.