ESKUBIDEEN ALDEKO MANIFESTAZIOA BILBON. Batzearen indarra

Alderdi gehienetako ordezkariak eta milaka eta milaka herritar bildu dira debekuen kontra eta eskubide guztien alde Bilbon egindako manifestazioan

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2010eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Aspaldi egin den manifestaziorik jendetsuena ikusi zen atzo Bilboko kaleetan. Eskubideen aldeko uholdea osatu zuten milaka eta milaka herritarrek. Kolore askotakoak batu ziren. Iritzi politiko gehienetakoak. Eta batzeak indarra ematen duela frogatu zen, kopuruan zein ilusioan. Alderdi eta eragile askotako ordezkariak pankarta beraren atzean joan ziren atzo. Eta konfiantza nabari zen haien artean; aurretik elkarrekin egindako lanek sortutako konplizitatea. Herritarren artean, ilusioa igartzen zen, txalo eta irrintzietan.

Arratsaldeko bostetarako zegoenjarrita ordua. Casilla plazan abiatzekoa zen. Ordurako, prest zen burua. Alderdi eta eragileetako ordezkariek adierazpenak eginak zituzten eta bakoitza bere postuan zen. Dozena bat emakumek eusten zioten lehen pankartari: Giza eskubideak, eskubide zibil eta politikoak. Adierazi EH ekimenean bildutako eragileetako ordezkariek emango zioten bidea manifestazioari.

Bigarren pankarta ere prest zegoen. Protestaren lelo luzea zuen idatzirik: Ez manifestazioen debekuei. Inolako inposiziorik ez, inolako indarkeriarik ez. Giza eskubideen, eskubide zibil eta politikoen alde. Manifestazioaren deialdia egin zutenek eusten zioten leloari. Besteak beste, Paul Rios, Maixux Rekalde, Felix Cañada eta Ramon Zallok. Deialdia publikoki egin ez zuten batzuk ere gehitu ziren, Edurne Brouard, Joan Mari Torrealdai eta Martxelo Otamendi, esaterako.

Horien atzean jarri ziren protestarekin bat egin duten alderdi eta eragileetako ordezkariak: ezker abertzaleko Rufi Etxeberria, Txelui Moreno eta Jone Goirizelaia; EAko Pello Urizar, Ikerne Badiola eta Unai Ziarreta; Aralarreko Aintzane Ezenarro, Dani Maeztu eta Josu Murgia, EBko Mikel Arana, Alternatibako Oskar Matute eta Jonathan Martinez, eta ABko Mertxe Colina. Bi sindikatu nagusietako buruak ere bertan ziren: ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz, eta LABeko Ainhoa Etxaide. EHNE, ESK eta EILAS sindikatuetakoak ere izan ziren lehen lerroan, eta CCOOkoak ere bai, jendaurrean atxikimendurik eman ez zuten arren.

EAJko kideek parte hartu zuten manifestazioan. Joseba Egibar zain zen pankartaren atzean, baina ez lehen lerroan. Maria Eugenia Arrizabalaga ere Casilla inguruetan zen 16:30ak alderako. Baina EAJren izenean hitz egitekoa zena Andoni Ortuzar BBBko burua zen, eta ez zen iristen. Iristear zela-eta zain egon ziren antolatzaileak, baina ia 17:15ak zirenean oraindik ez zela iritsi ikusita, abiatu egin zen manifestazioa.

Casilla plaza baino metro batzuk goragotik hasi zen protesta, Casilla ingurua lepo zegoela. Jendetza bildu zen, amaiera ikusten ez zen bidean. Txalo zaparrada artean abiatu zen manifestazioa.

Orduantxe iritsi zen Ortuzar Casillara. Kazetari gutxi ziren han, eta adierazpenak egiten saiatu zen. Hiru aldiz hasi, eta hitz gutxi batzuk besterik ez zuen egin, manifestazioaren leloarekin bat egiten zuela esateko. Izan ere, manifestazioaren txaloak txistuekin nahastu ziren. Protesta iritsi zain zeuden herritarrek Ortuzarri egindako txistuekin. EAJkoa mindu, eta jende artean murgilduta joan zen manifestazioko burura.

Txaloak independentziaren aldeko oihuekin nahastu ziren ondoren. Eta horixe izan zen gehien egin zuten oihua manifestazio osoan, euskal presoen aldekoekin batera.

Autonomia kale osoa lepo beteta zegoen. Eta, manifestazioa aurrera egin ezinik zela, baztertzeko eskatzen zuten antolatzaileek buruaren aurretik errepidea betetzen zutenei. Gehienak baztertu ziren, baina beste batzuk, ez. Aurrera jarraitu zuten erditik kentzearren, eta manifestazioak erdibitu itxura hartu zuen; pankarten atzetik milaka eta milaka herritar zeuden, eta aurretik, beste milaka batzuk. Askok egin zuten ibilbide osoa horrela.

Zabalburuko plaza leku estrategikoa izaten da manifestazioen tamaina neurtzeko. Goialdean geratzen da plaza, eta amaiera non den ikusten da. Argazkiak egiteko geldialditxoa ere bertan egin ohi da. Atzo ere egin zen geldialdia. Egin ziren argazkiak. Ez zen amaiera ikusten, eta, errepidea ez ezik, espaloiak ere lepo zeuden. Areago, Casillan milaka pertsona zeuden oraindik ibilbideari ekiteko itxaroten.

Pankarta batekin egin zuten topo manifestariek Zabalburun: Atxilotuak askatu. Tortura stop! Lehentxeago Zain dago ama abesten aritu ziren ehunka pertsona, eta «atxilotuak askatu!»oihukatu zuten, pankarta ikustean. Txalo zaparrada jaso zutenbaita ere Plaza Biribilean Askapenaren aldeko pankartek. «Askapena aurrera!» oihukatu zuten protestariek.

Udaletxe aurrera iristean, bertsolariek eman zioten hasiera ekitaldiari. Mezuaren aurretik eta ondoren, Bihotz Bakartien Kluba taldeak Adierazi EHri egindako kanta abestu zuten.

Ekitaldia amaitu ondoren, taldetxoak sortu ziren, ohi denez. Politikarien artekoak eta herritarrenak. Ortuzarrek amaieran egin zituen hasieran egin gabe utzitako adierazpenak, aurrez Edurne Brouard eta Felix Cañada agurtuta. Bitartean, milaka manifestari udaletxera iritsi ezinik ziren oraindik.



Burua udaletxera iristean Autonomian zegoen amaiera

Manifestazioaren burua Casillatik abiatu eta ordubetera iritsi zen protesta helmugara, udaletxe aurrera, 18:15ak aldera. Amaiera, Autonomia kaleko9. zenbakian zegoen oraindik,Zabalburura iritsi gabe, hau da, abiapuntua zen Casilla plaza dagoenkalean bertan.





Internazionalismoaren eta Askapenaren aldeko aldarria

Aste honetan bertan Askapenaren aurka egindako polizia operazioa salatu zuten hainbatek manifestazioaren ibilbidean. Internazionalismoa ez da delitua. Atxilotuak askatu. Askapena aurrera! zioen pankarta erakutsi zuten Plaza Biribilean. Manifestariek Askapena aurrera! oihukatuz babestu zituzten.





Emakumeak nagusi

Ezohiko presentzia izan zuten atzo emakumeek. Manifestazioa ireki zuen pankartari dozena bat emakumek eutsi zioten, eta amaierako ekitaldiari ere emakumeek jarri zioten lehen ahotsa: Miren Amuriza, Iratxe Ibarra, Uxue Alberdi eta Maialen Lujanbiok. Eskubideen aldeko bidea egiteko eta indarrak batzeko deia egin zuten bertso banatan.





Adierazi EHren lekua ibilbidean eta agertokian

Eskubide guztien aldeko lehen manifestazioa Adierazi EH herri ekimena egitekoa zen irailaren 11n, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu egin zuen. Atzo manifestariasko ikusi ziren ekimenaren ikurra paparrean itsatsita. Atzoko deitzaileek hitza ekimenari eman zioten, eta ikurra agertokian erakutsi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.