Manifestazioa ez ezik, besarkada. Ukatutako eskubideei, isildutako adierazpen askatasunari, preso eta urrunduei, besarkada. Halaxe izendatu zuten atzo Adierazi EH herri ekimeneko kideek Bilboko Udaletxearen aurrean zegoen jendetzak agertutakoa: «Eskubide zibil eta politikoak, geure eskubideak, besarkatzen ditugu». Besarkadaren indarra beharrezko jo zuten «oztopoen gainetik» aurrera egiteko, indarkeriarik eta inposaketarik onartzen ez duen eta giza eskubide guztiak errespetatzen dituen eszenatokia erdiesteko: «Uholde sozial geldiezina martxan jartzeko prest gaude, eszenatoki horretarantz joateko eta han egonkortzeko oinarrizko eskubideak ezarri arte».
Mobilizazioaren deitzaileen izenean, Felix Cañada abokatuak hitza eman zien Adierazi EHkoei, «adierazpen askatasuna defendatu asmoz», duela hiru aste birritan isilarazitako «bake mezua» zabal zezaten. Eider Rodriguez idazlea eta Ramon Agirre aktorea mintzatu ziren, eta aste honetako atxiloketak gaitzetsi zituzten lehenik eta behin: «Indar berriz atera behar dugu kalera, eta ozen salatu oinarrizko eskubideen bortxaketa etengabea».
Atzoko martxa jendetsua «askatasunaren alde abiatutako bideari bultzada» emango diola erantsi zuten, baina bide horretan herritarrek ekimena hartzea funtsezko jo zuten: «Herritarron konpromisoak geldiarazi behar ditu atxiloketa errepikatuak eta gainontzeko eskubide bortxaketa guztiak, eta demokrazia ekarri gure artera». Hain justu, Adierazi EH horretarako eratu zela gogorarazi zuten, eta bertan parte hartzera deitu zituzten herritarrak: «Zenbat eta indartsuago bihurtu herri ekimen hau, orduan eta hurbilago izango dugu guztiok nahi eta behar dugun Euskal Herri berri hori, eskubideen lurraldea, askatasunaren etxea».
Urte hasieran Adierazi EH sortu zenetik «emaitza eta urrats positiboak» lortu dituzte indarkeriarik gabeko eskubide jokalekura ahalik eta indar gehien biltzeko helburuan. Baina estatuko aginteen aldetik aurrerapauso horiek «blokeoaren eta errepresioaren» erantzuna jaso izana deitoratu zuten: «Ez gobernuek, ez estatuko aginteek, inork ez dezake beretzat hartu euskal gizarteari oinarrizko eskubideak kentzeko ahalmena. Ez dugu onartuko salbuespen egoera lotsagarri hau egun batez ere luzatzea». Eta lanean jarraitzeko asmoa berretsi zuten: «Ez dezala inork gure itxaropena izoztu! Ez dezala inork gure askatasun desira blokeatu! Ez gaitzala inork berdin jarraitzera zigortu!».
ESKUBIDEEN ALDEKO MANIFESTAZIOA BILBON. «Prest gaude eskubideen alde uholde geldiezina sortzeko»
Estatuko aginteek gizarteari eskubideak kentzeko ahalmenik ez dutela azaldu du Adierazi EHk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu