politika

Eskubideen puzzlea piezaka osatuz

Eskubide zibil eta politikoen aldeko ekitaldia izan da Donostian,  Eleak mugimenduak antolatuta. Auzi politikoak amaitzeko eskatu dute.

2012ko apirilaren 28a
15:45
Entzun

Eskubide zibil eta politikoen aldeko puzzle handi bat osatu dute gaur eguerdian Donostian, 1.200 herritarrek utzitako piezekin, Eleak mugimenduak deituta Bulebarrean egindako ekitaldian. Azken asteetan Gipuzkoan banaturiko 1.200 piezak berriro elkartu dira, eta 6x3 metroko puzzlea egin dute.

Novechento irudia izan da puzzlerako hautatutako irudia. "Herritarren protagonismoa irudikatu nahi izan dugu", esan du Eleak-ek. Ekitaldian dantza, bertsoak eta kantua izan dira.

Hitzaldian, Arantxa Urbe mugimenduko kideak gogoratu du datorren ostegunean D3M eta Askatasunaren kontrako epaiketa hasiko dela Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta hamahiru lagun daudela auzipetuta, zazpi eta bederatzi urte arteko kartzela zigor eskaerekin.

"Berriro 'dena da ETA' leloa erabiliko dute auzipetuen kontra. Ezkerreko ikuspuntutik esparru independentista bultzatzeagatik, legez kanporatzeek sortutako hutsune politiko eta instituzionala beteko zuen proiektua defendatzeagatik eta euskal jendarteari berriro bozka aukera eskaini nahi izateagatik epaituko dituzte. Finean, euren eskubideen erabilera egiteagatik izango dira epaituak", adierazi du Urbek.

Arrazoi horregatik beste hainbat militante espetxean dauzkatela salatu du Eleak-ek, eta "dagozkien eskubide zibil eta politikoak praktikatzeagatik auzipetuak izan diren pertsona guztiak berehala askatzeko, azken hamarkadan legez kanpo utzitako erakunde sozial eta politiko guztiak legeztatzeko, eta eskubide zibil eta politikoen urratzaile den salbuespeneko legeria baliogabetzeko" eskatu ditu.

Gaur zortzi Bilbon Eskubide guztiak proiektu guztientzat! lelopean izango den manifestaziora azaltzeko dei egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.