Gaur goizean izan dira Herrira-ko kide Jon Garai eta Nagore Garcia Eusko Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitzarako Idazkaritzako kideekin.
"Gobernuak presoekin eta euren senideekin egiten ari diren giza eskubideen urraketa larriak" salatu dituzte Herrira mugimenduko ordezkariek. Idazkaritza horretako kideei "erakundeen inplikazio handiagoa" eskatu die urraketa horiek eteteko.
Gobernuen "salbuespen neurriak" oroitarazi dituzte Garaik eta Garciak: 197/2006 doktrina indarrean mantentzea eta gaixo dauden presoen egoera kritikatu dute, eta gaineratu horiek "erabaki politikoak" direla eta "edozein unetan heriotza gehiago" gerta daitezkeela.
Herrira-ko kideek azaldu dute espetxe politika aldatzea "euskal gizartearen gehiengoaren eskaria" dela; "uste dugu erakundeek ere agindu hori aintzat hartu behar dutela", gaineratu dute.
Atzo jakinarazi zuen Herrira-k hainbat eragilerekin bilkurak egiteko asmoa zuela, "adostasun soziala gehiengoaren ekintza sozial" bihurtzeko xedez. Batzar horien harira izan da gaur mugimendua Bake eta Elkarbizitzarako Idazkaritzarekin.