Esako urtegia handitzeko obrek azken hilabeteotan eragin duten kezka uxatzen saiatu da Ebroko Ur Konfederazioko presidente Xavier de Pedro. Urtegian bertan izan da, Nafarroako Parlamentuko Sustapen Batzordeko kideek obretara egin duten bisitaren harira. Haien aurrean nabarmendu du eskuineko hegala egonkortzeko lanak "ongi" doazela. Herritarren segurtasuna bermatzea jo du helburu nagusi, eta, ildo horretan, urtegia handitzeko lanen defentsa sendoa egin du: "Presa berriak Zangozako herritarren segurtasuna areagotu eginen du, uholdeei aurre egiteko balioko duelako".
Esa handitzeko lanen inguruan eztabaida politikoa badela onartu du Pastorrek, eta erantsi du Ebroko Ur Konfederazioa lan horiek egiten dituen erakundea baino ez dela. Are gehiago, erakunde independentea dela nabarmendu du, eta independenteak direla, halaber, erakunde horretako teknikariek egiten dituzten txosten guztiak. Zangozako Esa + Ez plataformako kideek aditu independenteek egindako txostenak eskatu dituzte, eta horri buruz galdetzerakoan jarri du agerian Pastorrek konfederazioa "erabat independentea" dela. Hala ere, bisitako hainbat unetan urtegia handitzeko obrak "funtsezkotzat" jo ditu erakunde horretako presidenteak. "Lehentasuntzat" jo ditu, halaber, eta "beharrezkotzat" eremu horren garapenerako.
Parlamentuko kideen artean ez dute Pastorren hitzek eragin bera izan. UPNk, PSNk eta PPNk ontzat jo dituzte azalpenak, nahiz eta herritarren segurtasuna bermatzeko beharra nabarmendu. Ezkerrak eta Bilduk, berriz, urtegia handitzeko lanak berehala bertan behera uzteko eskatu dute.