Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

«Eskuina geldiarazteko», boto erabilgarria aldarrikatu du PSE-EEk

Odon Elorzak adierazi du ezkerreko bozaren «sakabanaketak» Raxoiri mesede egiten diola

Erredakzioa
2011ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Aurreikuspen guztiak kontra izan arren, azken unera arte borrokatzeko asmoa du PSE-EEk. Alfredo Perez Rubalcabak «ezustekoa» eman dezakeela uste du Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak. Hala azaldu zuen Miguel de los Toyos Eibarko alkatearekin eta Odon Elorza Espainiako Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuarekin batera Eibarren (Gipuzkoa) egindako ekitaldian.

Boto bakoitzaren garrantziaz jardun zen Arriola, eta boto erabilgarria aldarrikatu zuen ekitaldian: «Eskuina geldiarazteko boto erabilgarria alderdi sozialista bozkatzea da». Haren aburuz, abstentzioa «eskuinarentzako boza» da. PPk Espainiako Gorteetarako bozak irabaziz gero jendea baztertuko duen politikak erabiliko dituztela salatu zuen. PSOEk, berriz, «enplegua sustatu, eta hezkuntza, osasuna eta langileen eskubideak» defendatuko dituela.

Elorzak adierazi zuen ezkerreko bozaren «sakabanaketak» Mariano Raxoiri mesede egiten diola. PPren hautagaia presidente bihurtuz gero sozialisten lorpenak «piezaz pieza eraitsiko» dituela gaineratu zuen. Raxoirekin batera «betikoak» datozela ohartarazi zuen: « [Jose Maria] Aznar, Rouco Varela, banku handiak, haitzulo mediatikoa eta muturreko eskuina».

Egoera ekonomikoaren inguruan, urte «oso gogorrak» izan direla aitortu zuen Arriolak, baina Zapateroren gobernuak «erantzukizuna» hartu duela une horietan, eta PP, berriz, haiei errua botatzen ibili dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.