Eskukoan euskaraz ikasi

Sakelako telefonoaren bidez euskara ikasteko aplikazio bat sortu dute Elhuyarrek eta atzerriko sei erakundek

Itziar Nogeras, Danel Solabarrieta eta Yiannis Laouris, atzo, Donostian. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
mikel p ansa
Donostia
2011ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Eskuko telefonoetara ere iritsi dira euskaraz ikasteko sistemak. Elhuyar fundazioak horretan laguntzen duen aplikazio bat sortu du: Moblang. Internetetik har daiteke, Moblang.eu helbidetik, eta norbere eskuko telefonoan instalatu. Oraingoz, ezaugarri jakin batzuk dituzten telefonoetan —microSD txartela duten eta Java exekutatzen dutenetan— erabil liteke Moblang aplikazioa; laster, Android eta Iphone gailuetan erabiltzeko moduan jarriko dute.

Elhuyar fundazioak egin du euskaraz ikasteko aplikazioaren garapena, baina proiektu handiago baten barruan sartzen da eskuko telefonoak erabiliz hizkuntzak ikasteko egitasmoa. Europako Batasuneko Hezkuntza eta Kultura Batzordeak babesten du ekimena. Zipreko Neurozientzia eta Teknologia Institutuak eta Zipreko Unibertsitateak, Erresuma Batuko Luzia Research erakundeak eta Saint Mary Unibertsitateak eta Greziako Dromos eta Antigone erakundeak eta Elhuyar fundazioak garatu dute, elkarrekin.

Yiannis Laouris Zipreko Neurozientzia eta Teknologia Institutuko zuzendaria atzo Donostian egon zen aplikazioa aurkezten. Harekin izan ziren Itziar Nogeras Elhuyar fundazioko zuzendaria eta Danel Solabarrieta euskarazko aplikazioaren arduraduna. Europako hizkuntza gutxituak babestea da proiektuaren helburua, Laourisek azaldutakoaren arabera. Oraingoz, greziera, albaniera, turkiera, gaelikoa eta euskara ikasteko aplikazioak egin dituzte, eta etorkizunean hedatzeko asmoa dute.

Helduak euskaraz hasteko

Euskarazko aplikazioak gaztelania-euskara eta euskara-gaztelania hiztegiak ditu, baita irudiak eta audioak ere, euskara praktikatzeko. Hitzak eta esaldiak grabatzeko eta entzuteko aukera ematen du, baita izendegia, ulermena eta adierazpena praktikatzeko ariketak ere. Euskara ikasten ari direnek erabil dezakete aplikazioa; euskaraz «batere edo ia batere» ez dakiten pertsona helduentzat da tresna berria, oinarrizko eta eguneroko jardunean euskaraz egiten hasteko.

Astelehenean, berriz, jardunaldiak egingo ditu Elhuyar fundazioak. Eskuko telefonoek etorkizuneko hezkuntzan izango duten garrantziaz arituko dira. Merkataritza ganberan izango dira topaketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.