Kalitatea eta eskumenak, kolokan. Kezkaturik agertu dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Isabel Zelaa eta Idoia Mendia bozeramailea Espainiako Hezkuntza ministro Jose Ignacio Wertek asteon iragarritako planak zein ondorio izango dituen. Zelaak argi du plan horrek jasotako murrizketek irakaskuntzaren kalitateari eraginen diotela. «Hezkuntza sistema merkeagoa egin nahi dute; ez, ordea, hobea». Ez du baztertu auzitara jotzea.
Zelaak dio iragarritako neurriak hagitz larriak direla. Taldeak handitzeko neurriak kritikatu du, adibidez. «%20 handitu ahal izanen direla diote; horrek erran nahi du bost taldetik bat aurreztu ahal izanen dutela». Neurri hori ezartzea administrazioen esku egonen da. «Hori esan zuen Wertek. Plana idatziz ikusi arte, hala ere, ezin izanen dugu jakin zehazki nolakoa den».
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendia, hain zuzen ere, idatzizko agiriaren zain da, Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek azter dezaten. «Azterketa horrek ondorioztatzen badu neurriak ezinbestean ezarri beharrekoak direla, auzitara joko dugu, autogobernuaren eta oinarrizko zerbitzuen alde».
Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinak ere eskumenei egin die so, Wertek asteon iragarritako murrizketei buruz mintzatzerakoan. «Nafarroak eskumenak dituen arloetan, Hezkuntza Ministerioak proposatutako neurriak aztertu eta egokitu eginen dira». Ezinbertzean ezarri beharreko neurriei buruz, ezarriko dituztela gaineratu du Barcinak. «Bete beharrekoa bete egin behar dugu. Egoera ekonomikoa hagitz zaila da; neurriak hartu behar dira, baina espero dut behin-behinekoak izatea».
Eusko Jaurlaritzak bezala, Nafarroako Gobernuak neurriak aztertu, eta ezarri beharrekoak ote diren ikusi beharko duela erran du Roberto Jimenez presidenteordeak: «Nafarroak bere eskumenen alde egin behar du», erran du.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek bide beretik jo du: «Oinarrizko legediak erreforma funtsezkoenei eragiten die, baina, zenbaitetan, neurri bat oinarrizko izateak ez du erran nahi ezinbertzean bete beharrekoa denik; malgutasuna bada».
Kalitateari ere egin dio so, eta Nafarroako Gobernuarentzat bete beharreko helburua dela erran du: «Behar den laguntza emanen du Nafarroako Gobernuak gure ikasleek merezi duten kalitatea bermatu ahal izateko». Kontseilariak ukatu du Espainiako Gobernuak iragarritako neurrien ondorioz Nafarroan irakasleak kaleratu eginen direla. Onartu du, hala ere, behin-behineko irakaslerik ez dutela kontratatuko. Horretan, beraz, eraginik izanen dutela murrizketek. Sindikatuen arabera, Nafarroan 1.000 irakasle inguruk gal dezakete postua. Iribas kontseilariak, ordea, ez du kopururik aipatu nahi izan.
Plana ezartzeko malgutasuna
Espainiako Hezkuntza ministro Jose Ignacio Wertek neurrien malgutasuna azpimarratu nahi izan du, haien berri eman eta biharamunean. Wertek argi du neurri horiek ez dietela erkidegoen eskumenei eragiten, ezta irakaskuntzaren kalitateari ere. «Zentzuzkoak dira», gaineratu du.
Erkidego bakoitzak, hain zuzen ere, «nahi duena» egin ahal izanen duela erran du ministroak, baina argi utzi du bete beharko dituztela defizita murrizteko planak: «Erkidegoko Barne Produktu Gordinaren %1,5era murriztu behar dute; bakoitzak jakinen du hori nola egin», erran du ministroak.
Eskumenak urratzen badira, auzitara joko du Zelaak
Murrizketen berri idatziz jasotzeko zain dago Eusko Jaurlaritza, eta orduan erabakiko du zein neurri hartu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu