Ostiralean bota zion hordagoa Javier Esparza UPNko zerrendaburuak Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteari: ohartarazi zion foru hauteskundeetako UPNko zerrendan aurkeztuz gero bera prest zegoela hautagaitzaren buru izateari uko egiteko.
Diario de Navarra egunkariak argitaratu du Barcinaren erantzuna, eta Guardia Zibilaren kuartel baten inaugurazioan azaldu du bere erabakia, Fiteron. Hala jakinarazi zion Esparzari ez dela zerrendan aurkeztuko: "Lehenengo gauza Nafarroa da. Nik zerrendan joan nahi nuen erantzukizunagatik, uste nuelako ona zela alderdiarentzat batasun irudia ematea".
[IRUDIA] Guardia Zibilaren kuartela inauguratu dute Fiteron pic.twitter.com/NIiFuEfvkz
— Berria.eus (@berria) March 15, 2015
Barcinaren "eskuzabaltasun keinua" eskertu du Javier Esparzak: "Yolanda Barcinak, beste behin, Nafarroarekiko duen konpromisoa erakutsi du".
Ostegunean, zerrendan aurkezteko asmoa iragarri zuen Barcinak. Ostiralean, ordea, Esparzak erantzun zion "proiektu berritu bat" nahi duela, eta atzera egiteko eskatu zion Barcinari.