Joseba Iturbide eta Mikel San Sebastian Frantziako Poliziak atzo gauean Donibane Lohizunen (Lapurdi) atxilotutako lau lagunetatik bi Espainiaren esku utziko dituzte, "datozen egunetan", Gerard Gachet Frantziako Barne Ministerioko bozeramaileak azaldu duenez. Izan ere, atxilotu zituztenean ez zieten ez armarik ez agiri faltsurik atzeman, eta Frantziako Justizia ez du kargurik haien kontra. Espainiak, ordea, ETAko kide izatea eta urtarrilean atxilotutako Igor Portu eta Mattin Sarasolarekin batera Barajasko atentatuan parte hartzea leporatzen die.
Iturbide eta San Sebastian ez ezik, Jose Antonio Martinez Murrek eta Estibalitz Bengoetxeak osatutako bikotea ere atxilotu dituzte. Izan ere, beste biak haien etxean zeuden, eta ustezko etakideak gordetzea leporatzen diete. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak emandako azalpenen arabera, Martinez Mur atzo gauean atxilotu zuten eta Goikoetxea gaur goizean bere kabuz Baionako polizia etxera joan denean. Frantziako Barne Ministerioko iturrien arabera, baliteke Martinez Mur eta Bengoetxea Frantzian auzipetzea, gaizkile elkarteko kide izatea leporatuta. Hasiera batean bikotearen semea ere atxilotu zuten, baina Askatasunak jakinarazi duenez, libre utzi dute goizeko ordubiak aldera.
Martinez Mur iheslari politikoa izan zen, eta hainbat urtez Mexikon bizi ondoren, Donibane Lohizunen bizi da azken urteetan.
Atzo iluntzean, 21:00ak aldera, egin zuten sarekada. Atxilotu zituztenean ez zieten inori ez armarik ez agiri faltsurik atzeman. Gaur goizean etxea miatu dute, baina ez dute halakorik aurkitu.
Atxiloketak
Espainaren esku utziko dituzte Iturbide eta San Sebastian
Atzo gauean atxilotu zituzten Donibane Lohizunen (Lapurdi), ETAko kide izatea, eta, zehazki, Barajasko atentatuan parte hartzea egotzita. Jose Antonio Martinez Mur eta Estibalitz Bengoetxearen etxean atzeman zituzten, eta bikote hori ere preso daukate. Atxilotu zituztenean ez zieten ez armarik ez agiri faltsurik atzeman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu