konpoNBIDEARI BEGIRA

Espainia denborarekin eseriko dela uste du Spektorowskik; "konbentzimendu kontua da"

Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak dio prozesua "bide onetik" doala. Elkarrizketa eta bizikidetza ardatz, nazioarteko jardunaldi ireki bat egin dute Donostian, Baionako Foroaren bezperan. Brian Currinek zalantzarik ez du ETAk desarmatzeko borondatea duela, baina gobernuek lagundu behar dutela iritzi dio. 

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko abenduaren 14a
21:18
Entzun

Alberto Spektorowski jakitun da Espainiako Gobernuak ez duela ETArekin hitz egiteko asmorik, baina denborarekin hori ere iritsiko dela seguru dago; “konbentzimendu kontua da”. Desarmeaz eta egoeraren normalizazioaz hitz egin dio goizean BERRIAri, Donostian, mintegi baten aurretik. Prozesua ondo hasi zela, ondo doala eta halaxe amaituko dela ulertzen du, gainera: “Luzea izan arren, bide onetik doan eta halaxe amaituko den prozesua izango da”.

Horregatik, gizartea ikuskizun dagoela uste du. Osatu berri den Eusko Legebiltzarrean alderdi denak presente egoteak itxaropena sortu duela ere iruditzen zaio, baina gizarteak ere badu egitekoa Spektorowskiren ustez: “uste dut gizarteak itxaropena duela jau amaiera erabatekora iritsiko dela. Gizarte zibilak adierazi egin behar du hori, manifestatu egin behar du”.

Israel eta Palestinaren arteko Camp Davideko negoziazioetan parte hartu zuen Zientzia Politikoetako irakasle israeldarra da Spektorowski. Euskal Herriko Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kide da gaur egun.

Norberaren ideia eta esperientziak mahai gainean jarri eta elkartrukatzen ari dira gaur Kursaalean, eta hori egin beharrekoa dela uste du Spektorowskik. Inori aholkuak ematera edo zer egin behar den esatera ez dela etorri azpimarratzen du, baizik eta bere esperientzia kontatzen duela, honerako balio badezake hemen ere erabil dezaten, Izan ere eginahalean ezin dela etsi uste du: “Saiatzen jarraitu beharko dugu. Inork ezin du inor behartu. Konbentzimentu kontua da, demostratzea hemen ez dagoela monstruorik, ez dagoela ulertu ezin den egoerarik, arazo politikoa izan sezake gobernuak honekin, azkenean guztia da politika. Baina uneren batean eman beharko dira urratsak. Ezin dut esan hau eta hau egin behar da, baina luzea izan arren, bide honetik doan eta halaxe emaituko den prozesua izango da hau”.

Elkarrizketa eta bizikidetza ardatz, nazioarteko mintegi bat egin dute Donostian

"Elkarrizketa eta bizikidetza" ardatz hartuta, nazioarteko mintegi bat antolatu dute Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareak eta Donostiako Udalak gaur, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Brian Currin bitartekaria izan da parte hartzaileetako bat eta, esan duenez, zalantzarik ez du ETAk desarmatzeko borondatea duela, baina gobernuek lagundu behar dutela iritzi dio. "Negoziazioak orekatua" izan behar duela ere adierazi du; "alde batek ezin du besteak baino botere gehiago izan".

ETAk jardun armatua uzteko erabakiaren berri eman eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Sortu legeztatu ostean aro berri bat ireki zen euskal gizartearentzat, Lokarriren arabera. Horiek hala, elkarrizketak eta bizikidetzak behar duten "bultzadaz" hausnartu nahi dute mintegian, euskal gizartea bizi den "aro berri honetan".

Bide horretan, "emankor eta eraikitzailetzat" jo dute beste herrialde batzuetan izan diren elkarrizketa eta bizikidetza sustatzeko esperientziak ezagutzea. Zehazki, lau esperientziaren inguruan aritu dira Kursaalean, hala nola Hegoafrika, Ipar Irlanda, Kolonbia, Israel eta Palestinako bake eta adiskidetze prozesuen inguruan. 

16:00etan hasi dute ekitaldia. Goizean bilera itxi bat egin dute, Kursaalean bertan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.