Espainia estu hartzeko unea da torturaren gaian, adituen ustez

Torturaren Kontrako Munduko Erakundeko zuzendaria Bilbon izan da, beste hainbat eragilerekin

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2006ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Espainian torturatu egiten da. Tortura ez da sistematikoa, baina ezta bakana ere. Saihestu egin behar da. Horixe ondorioztatu du Torturaren Prebentziorako Koordinakundeak eta Torturaren Kontrako Munduko Erakundeak (TKME) Espainiako egoerari buruz kaleratu berri duten liburuak. Torturaren kontrako nazioarteko hainbat erakunde eta ikuskatzailek azken urteetan Espainiara eta Euskal Herrira eginiko bisitetatik ateratako ondorioak biltzen ditu liburuak. Egoeraren berri eman, eta tortura eta tratu txarrak saihesteko gomendioak ematen ditu. «Tortura eta tratu txarrak egitea erabat eta guztiz dago debekatuta», ohartarazi du Bilbon Eric Sottas TKMEko zuzendariak. Hartara, nazioarteko eragileek egindako gomendioak jarraitzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Hain zuzen, Giza eskubideen bortxaketak Espainiako Estatuan liburua helburu horrekin kaleratu dutela dio Sottasek: «Espainiak tortura eragotzi nahi duela dirudien momentu honetan, estu hartzeko modua da».

Torturak jasan dituzten euskal herritarrek biltzarra egiteko atarian aurkeztu dute liburua, eta tortura egon badagoela dio. Izan ere, liburuak berak jasotzen duenez, Espainiak torturaren aurkako hainbat itun sinatu izan dituen arren, ez du jendaurrean onartzen tortura badagoenik. Torturaren Prebentziorako Europako Batazordeak, Europako Batzordeko Giza Eskubideen aldeko komisarioak eta Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeak egindako gomendioak bildu ditu liburuak.

Tortura eta tratu txarrak galarazteko, inkomunikazioa ezabatu eta atxilo aldia murrizteko gomendatu dute. Halaber, atxilotuak lehen unetik abokatua izateko eta berak aukeratutako medikuak aztertzeko aukera izan behar duela ohartarazi dute. Atxilotuaren senideek hurkoa non dagoen jakiteko eskubidea ere badutela gogoratu dute. Halaber, atxiloaldia grabatzea torturak eragozteko oso baliagarria dela azaldu dute. Torturatu dutenek zigortuak izango direla jakitea ere funtsezko dute.

KEZKATUTA. Torturaren Prebentziorako Koordinadora, bien bitartean, kezkatuta dago Espainiako Gobernua hartzen ari den bideagatik. Gobernuak tortura galarazteko sinatutako Protokolo Fakultatiboa ezartzeko jaio zen koordinadora. Protokoloa sinatu zenean, gakoa gauzapenean zegoela ohartarazi zuen. Eta «iruzurra» izango denaren susmoa du orain.

Protokoloak, torturaren aurka nazioartean eta Espainian lan egingo duten ordezkariak ezartzea aurrikusten du. Eta koordinadorak jakin duenez, Espainiako Arartekoaren Bulegoaren esku utziko du gaia Gobernuak. Nazioarteko ordezkari, berriz, Leopoldo Torres proposatu duela jakin du. GALen auzian, fiskal nagusi izanik, ikerketak oztopatu zituena izan zen Torres, Arzuagaren esanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.