politika

Espainia, euskal herritarrentzat "zama ekonomikoa ere bai"?

Joseba Egibar EAJko GBBko presidenteak esandakoak kritikak sortu ditu eragile jakin batzuen artean. "Euskal produkzioaren herena Espainiara eraman beharrean, urrunago dauden merkatuetara eraman beharko litzateke", jeltzalearen arabera. "Urteetan entzun dudan astakeriarik handiena da", dio Carlos Agirre Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak.

2010eko maiatzaren 3a
17:25
Entzun
"Espainia debeku eta ukapen politikoa izateaz gain, zama ekonomikoa ere bada. Euskal produkzioaren herena Espainiara eraman beharrean, urrunago dauden merkatuetaraeraman beharko litzateke". Hala esan zuen atzo Joseba Egibar EAJko Gipuzku Buru Batzarreko (GBB) presidenteak Donostian, eta sua piztu du eragile jakin batzuen artean.

Patxi Lopez (PSE-EE) Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du Egibarren adierazpenak "gehiegikeria" direla. "Euskadiko ekonomia ondo egoteko, Espainiakoa ere ondo egoteko kezka izan beharko genuke". Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak iritzi dio EAJko buruak ezagutzarik ez daukala ekonomiari buruz, "euskal enpresek Espainian saltzen dutelako".

Antzera mintzatu da Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburua. "Hotzikara eragiten dute hitz horiek. Urteetan entzun dudan astakeriarik handiena da". Eustat-ek lehengo astean emandako datuak gogoratu ditu Agirrek: 2008an Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresen salmenten %38 erkidegoan izan ziren, %33 Espainiako Estatuko beste erkidegoetan eta %29 "atzerrian".



Iñaki Oiarzabal EAEko PPko idazkari nagusiak ere kritikatu du Egibar. "Batasuneko botoren bat eskuratzeko esan du astakeri hori. Ez du erantzukizunez jokau. Izan ere, jakin beharko luke Espainiako merkaturik gabe, euskal enpresek itxi egin beharko luketela". Atzera egiteko eskatu dio GBBko presidenteari edo, bestela, Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko buruak esan beharko lukeela hanka sartu duela hark.

Gorka Maneiro UPDko eusko legebiltzarkidearen ustez, Egibarren hitzok "lotsatu egin dute euskal gizartea". Gainera, "liskarra eta zatiketa" sortzen dutela uste du.

Isabel Salud EBko Presidentzia bozeramaileak dio "absurduak" direla jeltzalearen adierazpenak.

Iñaki Gerenebarrena EAJko Araba Buru Batzarreko presidentea alderdikidearen alde azaldu da gaur, bat egin du adierazpenarekin. "Euskal herritarrok arazoa dugu Espainiako Estatuarekin. Ez soilik politikoa, ekonomikoa ere bai, eta Estatuko kide izateak ez digu laguntzen, zama da. Hobe da Espainiakoa baino merkatu sendoagoetara joatea".

EAEko Enpresaburuen Zirkuluak azaldu du ez duela bat egiten Egibarrekin. Confebask EAEko enpresaburuen elkarteak adierazi du eurak ez direla irizpide politikoak kontuan hartuta aritzen. "Enpresek irizpide ekonomikoak baino ez dituzte izaten erabakiak hartzean, eta ahal den tokian saltzen dute. Espainiakoa oso merkatu garrantzitsua da. Gainera, behin ere ez da merkatuak baztertzeko unea".

Adegi Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak eta Mondragon Taldeak ez dute hitz egin gaiaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.