Espainiako Gobernua ETAren aurkako borrokan "hipotesirik okerrena" aintzat hartuta ari dela esan du gaur Carlos Urkijo gobernuak EAEn duen ordezkariak, irrati kate batean. "Beraz, ezin da lasaitu, terroristen bila etengabe jardungo dute poliziek eta zuhurtzia izan beharra dago".
Gobernuaren ordezkariak dio ETAk bere agirietan esaten duela ez dela desegingo sekula, ez dituela armak emango. "Ondorioz, zuzenbide estatuak desegin egin beharko du eta armak kendu beharko dizkio".
Urkijok, hala ere, aitortu du ETAren "mehatxu zuzenik" ez dagoela gaur egun, eta erakunde armatuak baino gehiago kezkatzen duela "estrategia terrorista babesten" duen eragile politiko multzoak.
ETAk iragan urriaren 20an jakinarazi zuen borroka armatua betiko bukatu duela.