azpiegiturak

Espainiak behin-behinean utzi egin ditu Zubietako kartzelako lanak, langile berririk ez lukeelako

Donostiako PP erabakiaren kontra azaldu da, espetxe berriaren egitasmoa "oso garrantzitsua delako hirigintza garatzeko". PSE eta EAJ ere ez daude ados. Murrizketak direla-eta Raxoiren gobernuak aurten ez du lanpostu publikoen lehiaketarik aterako.

2012ko martxoaren 2a
15:55
Entzun

Donostiako PPk BERRIAri berretsi dionez, Espainiako Gobernuak behin-behinean utzi egin ditu Zubietan kartzela berria egiteko lanak. El Mundo-k gaurko egunkarian dakarrenez, gobernuak espetxerako ez luke langile berririk izango, murrizketak direla medio Mariano Raxoiren exekutiboak aurten ez duelako lanpostu publikoen lehiaketarik aterako.

Zubietako lanak bertan behera uzteko neurriarekiko "erabateko desadostasuna" agertu du Ramon Gomez Donostiako PPko zinegotziak. PSE eta EAJ udal taldeak ere kontra agertu dira. Gomezen arabera, espetxe berriaren proiektua "oso garrantzitsua da Donostian hirigintza garatzeko". Gobernuan eragiten saiatuko dela hitzeman du PPko hautetsiak, "erabakia ez baita irmoa".

Enrique Ramos PSEko zinegotziaren ustez, Zubietako lanak eteteak "arriskuan jarriko du Gipuzkoako industrialderik handienaren eraikuntza". Ramosek dio han 105 hektarea erosteko akordioa lortu zutela Donostiako Udalak eta Espainiako Gobernuak, horietatik %28,8 espetxea egiteko erabiltzekoak zirela eta beste eremua industrialde bat eraikitzeko —300.000 metro koadro—. PSEko hautetsiak esan du Martutenekoa dela "baldintzarik okerrenak" dituen kartzela.

Iñaki Gurrutxaga EAJko zinegotziak adierazi du Txomin gunean 1.250 etxe eraikitzeko egitasmoarentzat kolpe handia dela Zubietan kartzela ez egitea. Jeltzaleak gogorarazi du 1.250 etxe horietatik 300 zirela Martuteneko kartzelako lurretan egitekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.