Hona hemen testu osoa (erredakzioan euskaratuta):
«Hiru hilabete joan dira martxoaren 24tik, Euskadi eta Askatasunak su-etena indarrean jarri zuenetik, eta konponbide negoziatua, iraunkorra eta bidezkoa babesteko eskatzen die ETAk Espainiako herritarrei, Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko gatazka luze eta gogorra konpontzeko.
Gatazkaren sustraiak
Ondo daki ETAk Espainiako herritarrei ezkutatu egin dizkietela eta ezkutatu egiten dizkietela gatazkaren benetako sustrai historiko eta politikoak, bai eta horren tamaina ere.
Azken hamarkadetan, gezurra eta desinformazioa izan ditu Espainiak zapalkuntza metodoen artean tresna emankorrenak, eta horiek erabili ditu Euskal Herriak bere eskubideen alde egiteko eta dagokiona berreskuratzeko erabilitako borroka zilegia zapuzteko.
'Terrorismoaren' aurkako borrokak guztia justifikatu du. Espainiak zapalkuntza mota guztiak erabili ditu Euskal Herriaren aurka oro har, eta euskal erresistentziaren kontra bereziki, 'terrorismo' hitza terrorearen eta zapalkuntzaren bidez hainbat erregi- men eta gobernupean mendeko herriak azpiratuta edukitzen saiatzen diren estatuek beraiek sortu dutela ezkutatuta.
Atzerriko legeak (Espainiakoak, kasu honetan) inposatzea, hizkuntz eta kultur genozidioa, lurraldea zatitu eta militarizatzea, erailketa polizial eta parapolizialak, razziak eta atxilotze selektiboak, torturaren erabilera sistematikoa, salbuespen egoerak, itun eta plan bereziak, kartzela politika kriminalak, deserritzea, indar autonomistei eta beste herrialdeetakoei laguntzea, hedabideak ixtea, herri erakundeak, alderdi politikoak eta hauteskundeetarako hautagai zerrendak legez kanpo uztea... amaiezina litzateke zerrenda. Zapalkuntza eta umiliazio horiek guztiak ere ezkutatzen dira.
Hala eta guztiz ere, begi bistakoa da gerra eta zapalkuntza estrategien porrota. Frankismoko zapalkuntzaren aurka borrokatu zen ETA, eta UCD, PSOE eta PPko gobernuen ukapen eta zapalkuntza politikei egin die aurre azken hogeita hamar urteotan. Bidean geratu dira Espainiako agintari guztiak, eta Euskal Herriaren borroka izan da porrot eginarazi dien giltzarria, Espainiako krisi politiko sakona zabalik iraunarazi duena.
Nahikoa da Felipe Gonzalez buru zuen PSOEren erorikoa gogoratzea, GAL antolatzeagatik, edo PPren azken porrota, M-11ko atentatuen egiletza manipulatzearen ondorioz, horren erantzukizuna gure Erakundeari leporatzen saiatuta. Ordura arte Espainiako presidente izandako J.M. Aznarren paranoia zapaltzailearen biktima izan zen PP, obsesioa baitzen harentzat ETA suntsitu eta euskal independentismoa ezabatu zuen agintari gisa geratzea.
Begi bistakoa da, era berean, porrot egin duela herrien ukazioan eta menderatzean oinarritutako Espainiaren proiektuak. Porrot egin du Erkidegoen Estatuak, sentimendu eta identitate nazionalak desegiteko eta estatutuaren saria eta zapalkuntzaren zigorra erabiliz Euskal Herriaren borroka neutralizatzeko sortu eta diseinatutakoak.
Milaka aldiz esanagatik ere, gezurra da beti gezurra. ETA suntsitzeko aukera ilusio zapaltzailea baino ez dela ikusi da behin eta berriz. Espainiak bere indarrezko egoera bertan behera utzi eta gure herriari bere eskubide nazionalak aitor diezazkion, belaunaldiz belaunaldi armak eskuan borrokatu diren eta borrokatzen diren milaka eta milaka gizon-emakumeren duintasunaren eta konpromisoaren adierazpen antolatua da ETA, koiuntura eta estatistika polizial zentzugabeen gainetik.
Milaka urte ditu Euskal Herriak, eta herritarren borondateari esker iraun du bizirik. Orain hainbat mende subiranotasuna ostu zioten, eta horren lurren jabe egin eta beren koroen morroi bihurtu zituzten herritarrak odol eta gar.
Beharrezkoa da iragana ezagutzea, oraina ulertu eta etorkizun hobea nahi izateko. Gatazka ez zen hasi frankismoaren amaieran, ETAren sortu zenean. Ezta 36ko altxamendu frankistaren edo horren ondorengo sarraskien ondorioz ere, tropa faxistek Gernikan egindako bonbardaketarekin besteak beste. Historikoa da gatazka; Euskal Herriari eraso eta hori militarki okupatu ondoren, ahulena irensten eta sozialki, kulturalki eta politikoki asimilatzen saiatu da boteretsuena, nola edo hala.
Ez dezala inork zalantzarik eduki: gaur egungo zapalkuntzak eta eskubide urratzeek bere horretan jarraituz gero, belaunaldi berriek egingo dute bat borrokarekin, eta indarrez erantzungo diete egoera bidegabe honi eusten dietenei.
Ez dadila inor engaina. Elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez bake iraunkor eta bidezkoa lortzea da ETAren nahia eta borondatea. Ziur gaude bakea posible dela hemen eta orain. Baina ziurtasun horrekin berarekin diogu honako hau ere: ETAk ez du onartuko, inoiz, Espainiako Gobernua prozesu hau taktikoki erabiltzen saiatzea Euskal Herria engainatzeko, edota ETA neutralizatzen saiatzea eta, azkenean, inposaketaren bidetik jarraitzea erabakitzea.
Oso gogoan dugu Espainiak beste aukera batzuk ere galdu zituela iraganean. Franco hil ondoren, bizkarra eman zion konponbide demokratikoari eta, Aljerren, gatazka negoziazioaren bidez konpontzeko aukera bikaina galdu zuten agintariek. Iraganeko esperientziek aldez aurretik porrot egin dezaketen politikak berriz ez erabiltzeko balio izatea espero du ETAk.
Beste aukera bat
Aukera ederra dugu gure herrialdeei beste etorkizun bat eskaintzeko. Litekeena da inoiz egon ez izana Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko gatazkaren konponbi- detik hain hurbil.
Segur aski, ez dugu ikusi inoiz, hain argi, etorkizunean behin betiko amaitzea Euskal Herriaren eskubide nazionalen urratzea, gatazka elikatzen duen zentzugabekeria iraganeko gauza izatea eta euskal herritar eta espainiar guztientzat onuragarria izango litzatekeen garai politiko berri baterako urratsa egiteko aukera.
Negoziazioaren eta akordioaren bidez aurkitu behar da bakerako bidea. Etorkizuna eraikitzeko, eta lurraldetasuna ez ezik, bere subiranotasunaren ardura berreskuratzeko minimo demokratiko batzuk lortuko lituzke Euskal Herriak. Espainiak, berriz, egonkor- tasun politikoa, krisi politikoa gainditzeko konponbide estrukturalak bilatzeko beharrezkoa dena.
Rodriguez Zapaterok eta horren gobernuak, Espainiak oro har, aukera historikoa dute elkarrizketan, akordioan, Euskal Herriaren aitortzan eta herritarren erabakien errespetuan oinarritutako bake estrategiaren aldeko behin betiko apustua egiteko.
Gatazka konpontzeko giltzak
Elkarrizketaren bidean aurrera egiteko, beharrezkoa da porrot egin duten gerra estrategiarekin batera hainbat urtetan erabilitako zapalkuntza eta salbuespen neurri guztiak baliogabetzea. Gaur gaurkoz dirauen zapalkuntza erabat bateraezina da bake prozesu batekin.
Eragile guztien parte-hartze eta inplikazioarekin Euskal Herrian egin behar den prozesu demokratikoari ongi bermatu behar zaio ez dela Espainiako botereen esku-sartzerik izango. Estatuko aparatuek ezin dute baldintzatu ez prozesuaren garapena ez emaitza.
Prozesuaren amaieran, euskal herritarrek edukiko dute hitza eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea, inolako mugarik gabe.
Espainiako Gobernuari deia
Euskal Herriak bere etorkizunaren inguruan erabakitzen eta hitzartzen duena errespetatzeko konpromisoa adierazi behar du Espainiako Gobernuak.
Hitzetatik ekintzetara igarotzeko, eta, Euskal Herriko herritar gehienek hartutako erabakia garatzeko, inolako legedi, araudi edo konstituzio ez dela oztopo edo muga izango bermatzeko eman beharreko urratsak egiteko eskatzen dio ETAk Espainiako Gobernuari.
Negoziazio prozesua garatzeko, 'su-eten' konpromisoak hartu eta bete behar dituzte Espainiako agintariek, eta bertan behera utzi, erabat, zapalkuntza, salbuespen legeen eta presioaren bidezko euskal preso politiken aurkako erasoak eta ezker independentistaren ekintza politikoen aurkako xantaia eta estortsioa.
Espainiako herritarrei eskaria
Gainera, gatazka elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez gainditzeko babesa eskatzen die ETAk Espainiako herritarrei.
Espainiako herritarrek ongi egingo lukete konponbide demokratikoa lortzeko ausart jokatu eta arrisku politiko handiak hartzen dituztenen jarrera eta urratsak babestuta, zapalkuntzaren eta liskarren aldeko apustua egin eta bidegabekeria, gorrotoa eta mendekua arduragabe areagotu nahi dituztenei bizkarra emanda.
Azkenik, ETAk ez du nahi adierazpen hau amaitu urte hauetan guztietan eta egun Euskal Herriaren borrokarekin elkartasuna erakutsi duten eta erakusten duten lagun eta talde guztiei eskerrik beroenak eman gabe; bereziki, euskal preso politikoen eskubideen inguruko konpromisoagatik.
ETAren konpromisoa
2006ko martxoaren 24an hasitako su-eten iraunkorra berresten du ETAk. Era berean, urte askotako gatazka gainditu eta justizian oinarritutako bakea eraikita, Euskal Herrirako benetako egoera demokratikoa lortzeko urratsak egiteko gure nahia berresten dugu.
Euskadi Ta Askatasunaren erabaki eta urratsak Espainiako Gobernuak Euskal Herrian hasitako prozesuaren inguruan hartzen duen jarreraren ondorio izango dira.
Posible da gatazka hemen eta orain konpontzea. Horixe da ETAren nahia eta borondatea».
Gakoak
Deia. «Euskal Herriak bere etorkizunaz erabakitzen eta hitzartzen duena errespetatzeko konpromisoa adierazi behar du Espainiako Gobernuak».
Zapalkuntza. «Gaur-gaurkoz dirauen zapalkuntza erabat bateraezina da bake prozesu batekin».
Eskaria herritarrei. «Gatazka elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez gainditzeko babesa eskatzen die ETAk Espainiako herritarrei».
Konpromisoa. «Justizian oinarritutako bakea eraikita, Euskal Herrirako benetako egoera demokratikoa lortzeko urratsak egiteko nahia berresten dugu».
Espainiak «bere su-eten konpromisoak» hartu eta bete behar dituela dio ETAk
ETA Espainiako iritzi publikoari zuzendu zaio orain BERRIAra eta beste zenbait hedabidetara igorritako agiri baten bidez (gaztelanieraz). Elkarrizketaren bidean aurrera egiteko «zapalkuntza eta salbuespen neurri guztiak» baliogabetu behar direla nabarmendu du ETAk, bake prozesu batekin «baterazinak» direlako. Espainiako agintariek, «negoziazio prozesua garatzeko bere 'su-eten' konpromisoak hartu eta bete» behar dituztela dio ETAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu