TORTURAK

Espainiak beste astebete eskatu du Txapartegiren tortura txostena Suitzari igortzeko

Hilaren 29ra arte luzatu dute epea. Euskal iheslariak 1998an Espainian salatutako torturei buruzko informazioa nahi du Suitzako Justizia Bulego Federalak.

Nekane Txapartegi, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO, ARGAZKI PRESS
2016ko uztailaren 25a
11:27
Entzun

Espainiako Estatuak berriro beste astebete eskatu dio Suitzako Justiziari Nekane Txapartegi euskal presoari buruzko dokumentazioa bidaltzeko, eta Suitzak onartu egin dio eskaera. Berez, Espainiak hilaren 15ean zuen azkeneko eguna tortura txostena Suitzako Justizia Bulego Federalari igortzeko, eta joan den astean hilaren 22ra arte luzatu zuten epea. Hilaren 29ra artekoa jarri dute orain, Txapartegiren abokatuak BERRIAri jakinarazi dionez.

Joan den apirilean atxilotu zuten euskal iheslaria, Suitzan, eta ekainean haren estradizioa eskatu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak, baina 1998an hark Espainian salatutako torturei buruzko txostena nahi du Suitzak, uztailaren hasieran jakin zenez.

Txapartegiren defentsak aurkeztutako dokumentuak aipatu ditu Suitzak. Batetik, Paco Etxeberria auzi medikuaren lantaldeak egindako ikerketaren ondorioak sartu dituzte —Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Tortura: 1960-2013 ikerlanaren barruan dago Txapartegiren kasua ere—; hau da, kasuari buruzko informazio guztia. Etxeberriaren hitzak ere jaso dituzte, eta salaketari sinesgarritasuna aitortzen dio auzi medikuak: "Egia da". Horrez gain, beste txosten bat ere bidali diote Espainiari: Suitzako psikologo batek egindakoa. Txapartegiri egindako azterketa baten ondoren, psikologo hark ondorioztatu du trauma osteko estresa jasan duela iheslariak, eta 1999an Guardia Zibilak egindako torturen ondorio dela.

18/98 auzian zigortu zuten Txapartegi, eta, zigorra ez betetzeko, Suitzara egin zuen ihes. Han bizi izan da azken urteetan, eta haren hurbilekoek BERRIAri azaldu zioten "erabat integratuta" zegoela eta bizimodu "arrunta" egiten zuela.

Zurich inguruko kartzela batean daukate preso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.